Pistako Gipuzkoako Sariko bigarren jardunaldia jokatu zen aurreko larunbatean Donostiako Belodromoan eta bertan, lehenengoan erakutsitakoaren bidetik, Aitor Olaziregi (Ampo-GoierrikoTB) onenekin ibili zen. Hiru proba jokatu ziren eta hiruretan aurreko multzoan bukatu zuen. Ez du esprinterako gaitasun handirik eta hortxe galdu zituen ohorezko puntuak lortzeko aukera, baina lasterketa guztietan ihesitakoen multzoan izan zen eta itzulia hartutakoen artean ere bai; buruz jokatu zuen eta hankak erantzun zioten, ihesaldi garrantzitsu guztietan protagonista izanik.
Arratsaldea japoniarrarekin hasi zen eta bertan bederatzigarren sailkatu zen Olaziregi. Ondoren scratcha izan zen eta hor ere bederatzigarren amaitu zuen eta jardunaldiko azken proban, puntuaketan, zortzigarrena izan zen zumaiarra. Maila ona erakutsi zuen lasterketa guztietan eta bi jardunaldi jokatuta sailkapen nagusian hamabosgarrena da. Nabarmentzekoa da sei lasterketa egin dituela orain arte eta bostetan hamar lehenengoen artean sailkatu dela. Hau guztia, gainera, denboraldia prestatzen hasi berria denean, oso entrenamendu gutxirekin, bere helburua errepidean jarrita baitago otsailetik aurrera.
Gorka Etxabe aizarnazabaldarrak lehen jardunaldian baino maila hobea erakutsi zuen. Japoniarra 21. bukatu zuen, scratcha hamargarren eta puntuaketa 13. Sailkapen nagusian 22. tokian da.
Gaizka Gurrutxaga kadeteak grina erakutsi zuen eta ikasten segitzen du, baina kikildu gabe estreinu honetan. Japoniarran 19.a izan zen, scratchean 18.a eta puntuaketan 13.a Sailkapen nagusian 29.a da orain.
Nesketan Eider Unanue lehenengoz lehiatu zen eta ia belodromoan entrenamendurik egin gabe, txukun lehiatzea lortu zuen mutil juniorren artean. Japoniarrean 25., scratchean 28. tta puntuaketan 24. Guztira 15.a da sailkapen nagusian. Eider Manzisidor, berriz, 7.a da, kadete mutilekin japoniarra 16., scratcha 14. eta puntuaketa 18. bukatu eta gero.
Igandean jokatuko da Gipuzkoa sariko hirugarren jardunaldia, goizeko 10etatik aurrera; egitarauan daniarra, scratcha eta puntuaketa lehiatuko dira.