Gaur, abenduak 3, Euskararen Eguna da eta horren harira, idatzi baten bidez, Udalak herritarrak zoriondu nahi ditu euskararen hedatzaile papera jokatzeagatik.
Hona hemen idatzia bere osotasunean:
Zumaia udalerri berezia da hizkuntzaren ikuspegitik. Gurean, beste hainbat tokitan ez bezala, nagusi da euskara. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako hizkuntza, natural erabiltzen dugu egunero.
Zumaian euskaraz bizitzea lehenetsi dugu eta euskararen bizitasuna mantendu dugu. Oraindik, ordea, badira osorik euskaraz bizitzea eragozten diguten hainbat hutsune (lan munduan, administrazioan...), eta horiek gainditzeko lan egin nahi dugu.
Udala euskalduntzeko pauso sendoak eman ditugu, eta euskara normalizatzeko prozesuan gurea bezalako udalerri euskaldunen eginkizuna garrantzitsua da. Euskara nagusi den gutxieneko lurralde bat izatea ezinbestekoa da hizkuntza aurrera ateratzeko. UEMA eta bertako kide garen udalok euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko lanean ari gara.
Euskal Herria euskalduna dugu helburu, eta bide horretan Zumaian ekarpena egin dezakegu. Orain arte bezalaxe, herritarrok ere euskararen hedatzaile papera jokatu behar dugu euskara normalizatzeko, denon artean eta elkarlanean.