Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, Julene Azpeitia 27. ipuin lehiaketako sariak banatu ziren atzo Alondegian. Euskarazko literatura jarduera saritzea du helburu lehiaketa honek eta aurtengoan bi izan ziren saritutako lanak: lehen saria Aintzane Usandizagak jaso zuen 'Kolokan' idazlanarekin eta bigarrena Karmele Mitxelenak 'Aitaren zapatak' ipuinarekin.
'Kolokan' oso ipuin sentsoriala da epaimahaiaren iritziz, narratzailearen ahotsa nabarmentzen da eta hortik eraikitzen da ipuina. Fokua, ikuspegia ezberdina, ume baten ahotsa baita, ez da ordea, umekeriatan erortzen. Haurra ez ohikoa den leku eta momentu batean aurkitzen da baina berak beste kezka batzuk ditu. Erritmoa pausatua da, oso gustura jarraitzen dena eta azkenean amaiera ere oso literarioa du.
Bigarren saria eskuratu zuen 'Aitaren zapatak' honetan hiritik herrirako bidaia bat kontatzen da estilo bikainarekin. Informazioa poliki-poliki emana dator, eta sentsazioak kontatzen dira oso modu zinematografikoan kontatu ere. Amaiera arte tentsioa mantentzen du eta bukaeran izenburuari zentzua ikusten zaio.
Aurten ez da zumaiarren saririk banatu. Bi lan besterik ez ziren jaso zumaiarrek idatzitakoak eta epaimahaiaren ustetan ez dute saria jasotzeko adinako kalitaterik. Zentzu horretan, Josune Herrarte euskara teknikariak dei berezia egin zien idazten aritzen diren zumaiarrei lehiaketan parte hartzeko.
Aurten eta aurreko urteetan saritutako lanak Interneten daude, Udaleko web guneko atal honetan. Hainbat formatotan jaitsi daitezke eta irakurri.
Atzoko saioa Pako Aristi eta Itziaren Gomezen 'Urari ostutako poemak' poesia errezitaldiarekin amaitu zen.