‘Ingo al deu?’ galdera gaitzat hartuta, nahi den doinuan eta neurrian bertso bat idatzi beharko da. Lanak bidaltzeko epea abenduaren 28an bukatuko da.
Urtero moduan, Zumaiako Bertso Eskolak abian jarri du Bota bertso bat! lehiaketa. Azken urteetako ekimen honek arrakasta itzela du herrian, eta aurten ere martxan jartzea pentsatu dute bertso eskolako kideek. Horretarako, herriko zenbait tokitan (Alondegia, Ttakun, Kabi, Metro, Trapaia, Inpernupe, Nikol edota Txikixa) utzitako kaxa gorrietan bota daitezke bertsoak edo zumaiakobe@gmail.com helbide elektronikora bidali egilearen datuekin. “2009az geroztik antolatzen dugun lehiaketa da hau” kontatu du Josu Manzisidor bertso eskolako kideak.
Aurretik, hainbat urtez bertso paper lehiaketa antolatu zuten, baina denborarekin indarra galtzen joan zen. “Bertso landuagoak izaten ziren, gaiak ere hori eskatzen zuen eta ia beti jende berdinak hartzen zuen parte. Orduan, formatu aldaketa bat egitea pentsatu genuen, herritar zabalago batek ere parte hartu zezan” adierazi du. Formula honek berehalako arrakasta izan zuen, eta iaz ere ehundik gora bertso jaso zituzten. “Denetarik azaltzen dira, baina maila handiko bertsoak ere bai. Azkenean badakigu herrian bertan bertso bat idazteko pertsona askok dutela gaitasuna”. Lehiaketarako jartzen duten gaiak ere badu bere garrantzia. “Beti jokoa eman izan duten gaiak jartzen saiatu gara. Beste urteetakoak izan dira adibidez, ‘Zergatik ez?’, ‘Noiz arte…’, ‘Nahi nuke…’, ‘Iritsi da’, ‘Maite zaitut’. Estilo paretsukoak izaten dira, eta aurtengoa ere ildo horretatik doa, ‘Ingo al deu?’ baita gaia” esan du.
Saria bi lagunentzako afaria Marina Berri jatetxean izango da eta irabazlearen izena urtarrilaren 2an emango da jakitera. Bestetik, parte hartutako bertsoekin liburuxka bat osatu eta tabernetan utziko dute. “Jendeari gustatzen zaio irakurtzea, eta askok gorde ere egiten dute” gaineratu du.
Bertso astea
Gabonen bueltan bertso astea antolatzen du Bertso Eskolak. “Aldaketak jasaten ditu urte batetik bestera eta ekintza ezberdinak antolatzen saiatzen gara. Garai batean bertso-poteoa egiten zen, gero bertso afaria egiten hasi ginen, hitzaldiren bat, gazteen saioa…”. Aurtengo bertso asterako, lehiaketa honetaz gain, Etxepare Rap ikuskizuna izango da abenduaren 26an gaztetxean. “Gero, urtarrilaren 2an, Eneko Dorronsorok estreinatu berri duen Xalbadorri buruzko dokumentala proiektatuko dugu Aita Mari zinean. Eneko bera etorriko da Xalbador, izana eta izena dokumentala aurkeztera. Egun horretan bertan emango dugu Bota bertso bat! lehiaketaren irabazlearen izena ere”.