Gabonetako argiak larunbat iluntzean piztuko dira

Baleike 2014ko abenduaren 5a

[/caption]

Gabonak hurbil daude eta bihartik aurrera hurbilago izango dira herriko zenbaik kaleetan jarri diren argiak pizten direnean. Larunbat iluntzean piztuko dira argiak eta hala egingo da egunero, iluntzean, Gabonak amaitu bitartean.

Aurten ez da izan aurreko urteetako iskanbilarik edota arazorik eta Udalak eta merkatariak biltzen dituen Zumaia Elkarteak bat egin dute argiak jartzeko proposamenarekin. Ez hori bakarrik: merkatariek aurrekontuaren (10.000 euro inguru) erdia ordainduko dute. "Gabonetako argiek giro berezia jartzen diote kaleei eta hori guretzako, merkatariontzako ona da. Herritarrek herriko beren erosketak herriko komertzioetan egitea nahi dugu eta kaleetan argiak egotea lagungarria izan daiteke. Horregatik, erabaki genuen ordainketan ere parte hartu behar genuela", azaltzen zuen Zumaia Elkarteko zuzendaritza batzordeko kide batek.

Gabonetako argiak Erribera kalean jarri dira, baina baita Baltasar Etxabe eta Ortega y Gasset kaleetan, Juan Belmonte eta Itzurun zuhaitzbidea elkartzen diren puntuan, moilan, Alai auzategian eta Narruondo eta Oikia auzoetan.

Argiez gain, ordea, beste hainbat ekimen ere jarriko dira abian gabonetara begira. Aurten, bigarren urtez, opari txartelak jarriko dira salgai. Opari txartelak 40 euroko kostua du, eta erosleak 50 euro ditu gastatzeko (25 euroko bi txartel eskuratzen ditu). Iazko arrakasta ikusita, eta herritar asko txartelik gabe geratu zirela jakinda, txartel gehiago jarriko dira salgai bakoitzean egiten den deskontua murriztuz. Hau da, herritar kopuru handiagoa izango da onuraduna (100 gehiago), baina bakoitzari iaz baino deskontu txikiagoa aplikatuko zaio (5 euro gutxiago). Txartelak, abenduaren 5etik aurrera turismo bulegoan izango dira salgai (ordutegia: astelehena itxita; asteartetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta larunbat eta igandetan 10:00eatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara). Pertsona bakoitzak txartel bakarra erosteko aukera izango du.

Beste hainbat ekimenen artean, dendak ere apainduko dituzte merkatariek. Hala, hainbat merkatarik egin berri duten ikastaroan ikasitakoa praktikan jartzeko unea heldu zaie; aurten ere erakuslehio lehiaketa egingo baita.

Urtea bukatzeko, abenduaren 31n Biko Lasterketa izango da. Urtea kirola eginez eta giro onean bukatzea izango da helburu. Urte Zahar eguerdian izango da hori, eta lasterketako sarien banaketarekin batera, azken urteotan bezala, erakusleiho lehiaketako sariak ere banatuko dira.

Ekimen guzti horietaz gain, aurten merkatari elkarteko dendak bat egin dute beste ekimen batean ere. Hala, irudi bakar bat duten paperezko poltsak banatuko dituzte gabonetan; denda guztietan berdinak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide