Xabier Larburu eta Ander Torriko: “Talde lana ongi ateratzen ari dela ikusita motibazioa handitu egiten da”

Baleike 2014ko abenduaren 5a

Denboraldi hasiera bikaina ari da burutzen Pulporen lehen taldea. Hamaika jardunalditan zazpi garaipen erdietsi ditu eta seigarren postuan dago sailkapenean, 15 puntura berdinduta bihar aurkari izango duen Arrasaterekin. Bi belaunalditako jokalariak elkartu ditugu elkarrizketa honetan.

Xabier Larburuk (1985) eta Ander Torrikok (1997) Pulpo taldearen eredu garbia islatzen dute: esperientzia eta gaztetasuna. Hori da talde berrituaren binomio perfektua. “Beteranoek duten esperientzia eta gazteek ekarri duten txispak taldearen funtzionamendua hobetu du. Nahasketa ona da” aipatu dute biek. Azken urteetako emaitza kaskarrak eta buruhausteak alde batera utzi dituzte. Helburua maila ez galtzea izaten jarraitzen badu ere -Gaur egun lehen estatalean daude-, dagoeneko sailkapeneko seigarren postuan daude eta gustura osatzen ari diren denboraldiarekin. Larunbatean izango dute hurrengo partida Arrasateren aurka 18:30ean, Iturripe kiroldegian.

Orain arte 11 partida jokatu dituzue eta horietatik 7 irabazi, 1 berdindu eta 3 galdu dituzue. Aspaldiko denboraldi hasiera onena egiten zaudete?

Xabier Larburu: Lehenengo bira bukatzeko 4 partida bakarrik falta zaizkigu eta seigarren postuan gaude. Eta bai, nik uste aspaldiko hasiera onena eman diogula.

Ander Torriko: Aurreko batean Letamendia entrenatzailearekin hitz egiten egon nintzen eta berak ere baieztatu egin zidan.

Xabier: Azken urteetan sailkapeneko beheko postuetan ibiltzen ohitu gara, beti mailaz ez jaisteko borrokan. Orain ematen du beste aspirazio batzuk edo behintzat errazago mantentzeko aukera izango dugula.

Orain egoera ezberdin batean zaudete beraz. Nola bizitzen ari zarete?

Xabier: Motibazio ezberdina daukagu. Egia da jubenil batzuk igo ditugula taldera eta hauek beste txispa bat dutela gure aldean. Horrek guretzat ere beste aliziente bat suposatzen du hobetzeko. Eta taldea, oso motibatua dago. Ikusita gainera lana ongi ateratzen ari dela eta taldeak erantzun egiten duela, guretzat, jokalarientzat, motibazioa handitu egiten da.

Larunbatean Arrasateren aurka jokatuko duzue. Sailkapenean berdinduta zaudete hamabosna punturekin.

Ander: Gure aurkaririk zuzenena da momentu honetan. Partidu gogorra izango dela aurreikusten dugu, eta gainera etxetik kanpo jokatuko dugu.

Xabier: Defentsiboki talde gogorra da, eta beraien jokalariak ere nahiko helduak dira. Esperientziadun pertsonak, urte askoan dabiltzanak. Baina motibazio handiarekin goaz, irabazi ezkero beraien aurretik jarriko baikara sailkapenean.

Zein da taldearen sekretua?

Ander: Oso giro ona daukagu gure artean eta hori garrantzitsua da taldearen funtzionamenduan.

Xabier: Bai hala da. Gainera entrenatzaile berria izateak era berean aldaketa batzuk ekartzea suposatu du. Metodologian, lan egiteko eran, bakoitzaren motibazioa aurkitzeko moduan…

Gazteak igo dituzue taldera. Zein alde on eta txar ditu horrek?

Xabier: Adinez seniorrak direlako hiru-lau gazte igo dira. Horiez gain, jubenilak diren bostek debutatu dute gurekin. Lehen aipatu dudan moduan, gazteek txispa sartzen diote taldeari eta goleatzaile paregabeak dira. Baina beste aldetik beteranoek ere, Josuk, Manexek, Berisek… esperientzia ematen dute. Defentsako lan ederra egiten dute, askotan ezkutuan geratzen den lan hori. Orduan, bien nahasketarekin emaitza ona ateratzen dela uste dut.

Zu, Ander, zer moduz egokitu zara nagusiekin jokatzera?

Ander: Nire kasuan, iaz egin nuen debuta talde helduarekin eta orduan jauzia handiagoa iruditu zitzaidan. Aurten hobeto moldatzen ari naiz. Esperientzia hau gainera, baliagarria egiten zait jubenilekin jokatzen dudanean. Zaharrekin nagoenean defentsa handiagoa izaten da, indar gehiago erabiltzen da… Jubeniletan berriz gutxiago izaten da. Gustura nago bietan.

Nola egiten duzu bi partiduetan egoteko?

Ander: Partidak etxean ditugunean, bata bestearen jarraian jartzen ditugu. Baina normalean, talde nagusiarekin jokatzen dugun hiruak ez dugu jubenilekin apenas jokatzen. Bertan egoten gara, zerbait pasa ezkero gu pistara ateratzeko. Baina gu zaharrekin entrenatzen gara, eta gure jubeniletako entrenatzaileak, beste jubenilek jokatzea nahi dute, beraiek ateratzea partidua aurrera. Zaildu ezkero, edo norbaitek min hartu ezkero, gu egoten gara hor. Baina oraingoz, partida bakar batzuetan jokatu dugu soilik. Bigarren postuan daude sailkapenean eta ongi ari dira.

Xabier: Jubenilen helburua liga lehenengo lauretan bukatzea da. Horrek Euskadiko txapelketa jokatzeko txartela ematen baitie.

Ander: Hori da. Aurten gainera, azkeneko aukera dugu Euskadi eta Espainiako fasetan ongi ibiltzeko, gure azken urtea izango baita. Azken bi urteetan Euskadiko txapeldunak izan gara, eta Espainiako lehenengo fasea herrian jokatu dugu. Gure helburua berriro horra iristea da.

Entrenatzaile berria duzue, Ibon Enbil bueltatu da… Honek guztiak hobekuntza eta esperientzia ekarriko zion taldeari?

Xabier: Noski. Ibon hala ere orain dela gutxi hasi da gurekin. Eta bere hitzetan, giro oso ona daukagulako hasi da. Denboraldi hasieratik gurekin entrenatzen ari zen baina ez zuen jokatzen hastea pentsatzen. Azkenean animatu egin da, eta azken bi partiduak jokatu ditu. Ibonek duen esperientzia inork ez du talde honetan eta batez ere defentsako lana egiten du.

Ander: Entrenatzailea ere oso prestatuta dago. Iaz arte Zarautzen ibili da entrenatzaile gisa, eta han ere asko ikasi du.

Pertsonalki denboraldi bikaina burutzen ari zarete biok: lan txukuna egiten, golak sartzen… Jendearen ahotan zaudete.

Xabier: Azken partidan 7 gol sartu nituen bai. Baina nire helburua ez da golak sartzea. Nire lana taldean beste bat dela esango nuke. Erasotzerako momentuan, besoak ez dit aukera askorik ematen. Baina hilabetez Kauldi eta Mikel jubenilak min harturik egon dira eta orduan ardura gehiago hartu dut erasoan.

Ander: Ni oso gustura nabil. Uste dut momentu onean aurkitzen naizela eta disfrutatzen ari naiz. Xabik esan bezala, Kauldi eta Mikel lesionatuta egotea igarri egin da taldean eta horrek, golak sartzerako garaian beharbada, gu bioi eman digu protagonismo gehiago.

Belaunaldi berriak indarrez sartu dira, eta helduagoak ere azken urteetako lanari eusten eta mantentzen ari zarete. Trantsizio urte bat bezala definitu daiteke denboraldi hau? Belaunaldi aldaketarako prestaketa?

Xabier: Nire iritziz, azken bi-hiru urteak izan dira trantsiziozkoak. Hemendik aurrera talde egonkor bat osatzen saiatuko gara, urteetan iraungo duena. Gazte batzuk igo dira, eta helduen mailan bigarren talde bat ere badago. Horrez gain, hurrengo urtean adina betetzen dutenak ere emango dute jauzia talde nagusira. Beraz, belaunaldi berriei esker jarraipena ziurtatuta egongo dela uste dut.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide