Hotela egiteko asmoa zegoen bertan, baina asmoak ezerezean geratu ondoren, abandonatutako eraikina da Guascorrekoa. Santiagoko auzoan dagoen etxe zaharra botatzeko eskatu dio hirutan Udalak Eusko Jaurlaritzari, baina erantzunik ez du jaso oraindik.
Guascorrek Oikian zuen enpresa, baina bulegoak eta familiako kideen etxebizitza batzuk Santiagoko eraikinean zeuden. 1990eko hamarkadan izandako arazo ekonomiko batzuk medio, enpresak diru-laguntza bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzari eta berme bezala Santiagoko eraikina jarri zuen. Gauzak ez ziren uste bezala atera eta Gasteizko Gobernua etxearen jabe egin zen. Hirugarren sektorera bideratzeko asmoa zegoen hasieratik, eta hala dago jasota Udaleko arauetan, baina bertan hotel bat jartzeko zeuden asmoak ez ziren gauzatu. "Enkantean ere atera zuen eraikina baina interesaturik zegoen inor ez zen agertu", dio Iñaki Agirrezabalaga alkateak.
Gauzak horrela, mugimendurik ez eta eraikina gero eta egoera txarragoan dagoela ikusita, Udalak zenbait gutun bidali dizkio Eusko Jaurlaritzari etxea eraisteko eskatzen. "Etxea ez dago baldintza onetan, egunen batean zerbait gerta daiteke, eta osasun aldetik ere egoera txarrean egon daiteke. Beste arrazoi bat estetikoa da. Herri sarreran halako eraikin abandonatu bat egotea ez da herriarentzat onena", esan du alkateak. Baina bidalitako hiru gutunek ez dute erantzunik izan.