“Norabide berri batean jarri dugu herria”

Baleike 2014ko abenduaren 8a

Datorren urteko maiatzean utziko du alkatetza Iñaki Agirrezabalagak, karguan zortzi urte egin ondoren. Oraindik ez omen du erabaki gero zer egingo duen, baina politika oso presente egon da bere bizitzan jaio zenetik eta aurrerantzean ere hala izango da ziurrenik. Abenduko Baleike aldizkarian aurkituko duzue elkarrizketa osoa –kioskoan jadanik–. Esaten dituenen artean entresaka egin eta hona ekarri ditugu esaldi batzuk:

Politika: "Politika etxean bizi izan dut txikitatik eta horrek eragina izan du, dudarik ez. Txiki-txikitatik gustatu izan zait".

2003ko hauteskundeak: "Guk Zumaian ez genuen PNVrekin koalizioan joan nahi, ez ginen batere ondo konpontzen. Azken unera arte, kolokan egon zen dena. Gogoan daukat aurkezpen publikoa egin behar genuela Forondan, eta egun hartan bertan ez zegoela garbi agertuko ginen edo ez…".

2007an alkate: "Alkatea aukeratzeko eguna iritsi eta artean ez genuen erabakirik; pleno aretora sartu baino bost minutu lehenago jakin nuen ni bozkatuko nindutela. Hori horrela izan zen, batzuek sinetsi edo ez".

Alderdian tentsioa: "Iñaki Galdosek ez, baina bere gertuko laguntzaile batek deitu zidan eta esan zidan dimititzeko. Babesa ere jaso nuen, baina Begoña Errastirenganaino iritsi behar izan nuen azalpenak ematera".

Lehen egunak: "Erraztasunik ez genuen batere izan. Udaletxera etorri nintzen eta dena hutsik zegoen. Bulegoan utzi zidaten Aita Mariko arraun txiki horietako bat, PNVren arkatz bat eta lauburu bat. Besterik ez…".

Lehen legealdia: "Hasiera kaosa izan zen, baina lortu genuen ordura arte udaletxean ukiezinak ziren hainbat kontu zalantzan jartzea. Adibidez, Zumaia Lantzen, hura kudeatzen zuen enpresa eta inguruan zeuden hainbat elementu. Udala bide egokian jarri genuen".

Zortzi urte karguan: "Nire teoria beti izan da pertsona batek ez dituela egin behar kargu berean bi legealdi baino gehiago, eta koherentzia hori mantendu nahi dut".

Diru kontuak: "Zumaia Lantzenek, gaur egun, hiru milioi euroko zorra du. Likidatzea eta disolbatzea da gure nahia, eta Udalak har ditzala bere pasibo eta aktibo guztiak".

Aholkua hurrengo alkateari: "Pazientzia izan dezala".

Erronkak: "Turismoari dagokionez, ez dut nahi Benidormeko eredua, eta ez dut uste zumaiar gehienek hura nahi dutenik. Hori ondo kontrolatu behar da. Zumaia 10.000 biztanleko herria dela jakinik, gure kapazitatea ondo neurtu eta horri egokitutako eskaintza egin".

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide