Bost urki landatu dira Beheko Plazan eta lanen amaiera hurbilago dago

Baleike 2014ko abenduaren 9a

Eusebio Gurrutxaga berritzeko lanen barruan, bost urki gazte landatu ziren pasa den astean. Modu horretan, eta dezenteko atzerapenarekin bada ere, gutxi falta da plazako obrak amaitzeko.

Zakarrontziak ere oraindik jartzeko daude. Alkateak adierazi duenez, gaur egun Erriberan dauden zakarrontziak kenduko dira eta haien ordez, Amaiako plazan dauden zakarrontzien antzerakoak jarriko dira Erriberan eta plazan ere. Gaiak sailkatutako jasotzeko aukera ematen dute zakarrontzi horiek.

Bestalde, Gurrutxaga eta Zuloaga plazaren artean pasatzen den bidea pibote bidez mugatu bada ere, oraindik ez da autoentzako zabaldu. Ordutegiak aztertzen ari dira udal ordezkariak. Erribera goizeko 7:30ean zabaltzen da trafikora, baina ordu horretan, goizeko 9ak arte, haur kopuru handia pasatzen da gune horretatik eskoletara bidean, eta arazoak ekiditeko, agian beranduxeago zabalduko dute bi plazen arteko bidea. Oraindik ere aztertzen ari diren neurria da.

'Txurre' bezala ezagunagoa den Helados Lopezen postua ere Gabonak baino lehen kiosko berrira mugituko delaren esperoan da alkatea. Horretarako neurri berezi batzuk hartu beharko direla argitu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide