Gol bakarragatik galdu du Pulpok Arrasateren aurka

Baleike 2014ko abenduaren 9a

Sailkapeneko bosgarren eta seigarren sailkatuak neurtu ziren larunbatean Arrasateko kiroldegian. Bi taldeek ere denboraldi hasiera aparta egin dute eta partida neurtua aurreikusten zen. Hala gertatu zen, azken unera arte ez baizen erabaki norgehiagoka.

Xabi Letamendiak beste behin ere jubenil taldeko jokalariak izan zituen bere agindutara. Berdinketak nagusi izan ziren partidako lehen uneetan, baina lehen zatiko amaieran lau goleko aldea zabaldu zuen Pulpok (12-16). Atsedenaldira 14-16 emaitzarekin joan ziren bi taldeak. Bueltakoan alde txikiak mantendu zituen Pulpok, etxekoek aurrea hartu zuten arte 18. minutuan (26-25). Une horretatik aurrera ez zen gai izan Pulpo berriro burua hartzeko. Minutu eta erdiren faltan sartu zuten etxekoek azken gola (32-31) eta nahiz eta une batzuetan Arrasate jokalari bat gutxiagorekin aritu, zumaiarrek ezin izan zuten berdinketaren gola sartu.

Pulporen aldetik honako hauek jokatu zuten: Arrieta, Ballesteros, Beristain, Elola (3), Enbil, Espilla, Gonzalez, Larburu (6), Leon (2), Lizeaga (1), Mancisidor, Rubio (5), Yeregi, Odriozola (6) eta Torriko (8).

Jardunaldi honen ondoren seigarren postuan mantentzen da Pulpo 15 punturekin. Larunbat honetan Trapagaran taldea hartuko du etxean (19:15, Lubakin). Bizkaitarrak bederatzigarren postuan daude, 11 punturekin.

Asteburu honetan atsedena hartu dute Pulporen ia talde guztiek, lehen taldeak eta Gipuzkoako Liga jokatzen ari den nesken jubenil taldeak kenduta. Azken honek 23-24 irabazi zion Aialari Zarautzen jokatutako norgehiagokan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide