Urte amaiera honetan ere izango da kirola egiteko aukera. Batzuk lasterka, besteak baloiari kolpeka eta azken batzuk eserita burmuinak astintzen. Gabonen inguruan antolatutako hiru lehiaketetan izena emateko epea zabalik da dagoeneko Lubaki kiroldegian.
Jokatzen lehena areto futbol txapelketa izango da. Abenduaren 24an goiz osoan zehar jokatuko da Lubakin. Izenak kiroldegian bertan emango dira abenduak 23ko 18:00ak baino lehen. Antolaketa bilera 23an bertan, 19:00etan egingo da Lubakin.
Abenduaren 30ean Xake txapelketa jokatuko da Beheko plazako Zaharren egoitzan 18:00etatik aurrera. Izenak aurrez Lubakin eman daitezke edo abenduaren 30eko arratsaldean bertan, 17:30ak arte, Zaharren egoitzan bertan.
Urteko azken egunean, eguerdian, V. Biko lasterketa jokatuko da, Zumaian korritzen den San Silbestrea. Gazteen lasterketak 12:00etan hasiko dira. Benjaminek eta aurrebenjaminek 250 metro egingo dituzte; Alebinek, kadeteek eta jubenilek, berriz, 2 kilometro. 12:30ean helduen txanda izango da. Hauek 5.660 metroko bidea egingo dute.
Lasterketa mistoa da hau eta emakume eta gizonezkoez osatutako bikoteek hartu ahal izango dute parte. Bikotekide batek lasterka egingo du bidea; besteak lasterka, patinetan edo bizikletan lagunduko dio.
Izenak doan eman daitezke, Lubaki kiroldegian edo egunean bertan ordu erdi lehenago arte. Saria kirol materiala izango da eta erosketa txartelak ere zozkatuko dira. Sari banaketa 13:30ean egingo da Beheko Plazan. Gabonetako erakusleiho sariak ere banatuko dira bertan. Goiz partean txorizo egosia eta salda izango da dastagai.