Kanpoan hotz eta Donostiako belodromo barrua ere berotzea kosta egin zen joan den igandean. Ondorioz lehen lasterketak ez ziren aurrekoak bezain onak izan. Aitor Olaziregik postu bat hobetu du sailkapen nagusian eta Ampo-Goierriko TBko ziklistak urratsez urrats hamar lehenengoen artean sartzea har lezake helburu nagusia Gipuzkoa torneoan. Gorka Etxabe, Parking Geltokiko txirrindularia, 24.a da, sailkapenaren erdi-erdian hiru jardunaldi jokatu ostean.
Daniar probak eman zion hasiera jardunaldiari. Bertan Aitor Olaziregik 15. amaitu zuen eta Gorka Etxabek 27. Kadete mailan, berriz, B mailan lehiatu ziren Gaizka Gurrutxaga eta Eider Manzisidor; aizarnazabaldar gaztea 4. sailkatu zen eta oikiar neskatoa 13. Juniorretan Eider Unanuek 13. postuan bukatu zuen lasterketa.
Daniarraren ondoren, scracthean, Gorka Etxabe 19.a izan zen eta Aitor Olaziregi 23.a. Proba hau Londresen Munduko Kopan ostiralean lehiatu eta ailegatu berri zen ilart Zuazubiskarrek irabazi zuen. Eider Manzisidor kadete mailan 17.a izan zen eta Eider Unanue juniorretan 15. Gaizka Gurrutxaga erori egin zen eta erietxera eraman zuten; zorionez susto hutsean gelditu zen dena, ezkerreko ukalondoan kolpe handia hartu zuen baina hautsirik ez zuenez, arratsaldean etxeratu zen.
Jardunaldia ixteko puntuaketa jokatu zen; open mailakoan erritmoa beldurgarria izan zen. Ilart Zuazubiskarrek, Asier Maeztuk eta Aritz Baguesek besteekiko duten aldea erakutsi zuten baina gazteak ere eusteko gai izan ziren eta horien artean sartu zen Aitor Olaziregi. Ampokoak puntuaketa lasterketa oso ona egin zuen eta itzulia hartu zuen gutxietako bat izan zen; 11. bukatu zuen lasterketa. Gorka Etxabek ere lan ona egin zuen eta 21. bukatzea lortu zuen. Puntuaketan Eider Manzisidor 17.a izan zen eta Eider Unanue 16.a . Lasterketa giro bikaina izan zen belodromoan, harmailetara ere izen handiko txirrindulari ohiak gerturatu zirelarik: ikusleen artean izan ziren Jabier Elorriaga eta Migel Mari Lasa besteak beste.
Hiru jardunaldi eta gero Aitor Olaziregi 14.a da sailkapenean eta Gorka Etxabe 24. Gaizka gurrutxaga kadete mailan 28. tokian da, eta nesketan Eider Manzisidor 7. eta Eider Unanue 13. Datorren asteburuan larunbatean izango dira Gipuzkoako Torneoko lasterketak: hilaren 13an arratsaldeko 4etan ekingo zaio jardunaldiari. Gogoratu sarrera doan izaten dela Donostiako belodromoan.