Begoña Bernalen 'Made in Zumaia' erakusketa zabalduko da ostiralean Alondegian

Baleike 2014ko abenduaren 11

Begoña Bernal artistak Made in Zumaia bilduma erakutsiko du Zumaiako Oxford aretoan, abenduaren 12tik 25era.

Bilbotar sortzaile hau, Artean lizentziaduna eta publizitatean eta ikus-entzunezko komunikazioan ibilbide profesional luzea duena, Zumaian bizi da, eta esperimentazio tekniko eta espresibo biziko etapa bati ekiteko ingurune egokia aurkitu du han. Figurazioaren eta abstrakzioaren arteko lanak egiten ditu, errealitatea bere ikuspegi berezira moldatzeko distortsionatuz, eta, besteak beste, Emil Schumacher, Gerhard Richter, Cy Towmbly, Anselm Kiefer, Bacon sortzaileen eta europar informalismoaren eragina du.

Lanek bereizgarri dute orbanarekiko eta ausazkotasunarekiko zaletasuna, jatorrirantz tolesten dira, eta eremu ezezagun bateraino eboluzionatzen dute, zeina askotariko materialak baliatuz aztertzen baitu: pigmentuak, parafinak, lurrak, erretxina sintetikoak, berniz metalikoak, eta abar.

Marrazkia berez sortzen dela dirudi, barne-dinamika batek bultzatuta. Zumaia inguruko geografia eta geologiaren espresioaren indar apartari zor zaio hori, mundu fisiko horretatik sortzen baita bilduma osatzen duten lanak eman dituen sortze-bulkada.

Hala, Made in Zumaia erakusketa herriak berez duen sormen-ahalmen horri egindako omenaldia da, eta espazio horretan bizi diren pertsonei agertzen zaien esker ona.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide