Herritarrekin komunikazioa eta integrazioa ahalbidetzeko sortu dute Zumaiako Afrikarren Elkartea

Baleike 2014ko abenduaren 12a

Larunbat arratsaldean egingo da aurkezpen ofiziala 17:00etan, Torreberriko aterpean. Desfilea eta dantzak egongo dira, Afrikako janariekin lagunduta.

Festa handia ospatu nahi dute larunbatean Afrikatik Zumaiara bizitzera etorri direnek. Zumaiako Afrikarren Elkarte sortu berriaren aurkezpen ofiziala egiteaz gain, dantza, kanta eta jai giroarekin busti nahi dute herria. “Herritar guztiak daude gure festara gonbidatuak eta arratsaldean hasiko bada ere, iluntzera arte luzatuko dugu” aipatu dute erdi barrez Sire Damba eta Mari Toure, elkartearen lehendakariak eta lehendakari ordeak.

Zumaian bizi diren 7-8 bat familia afrikarren isla dira bi emakumeak. Sire orain dela 14 urte etorri zen bizitzera hona, Oikiara zehazki, Senegaldik. Mari berriz, duela 5 urtetik bizi da Zumaian eta Guinea-Conakrykoa da izatez.

“Gu atzerritarrak gara eta herrialde ezberdin batera etorri gara bizitzera, baina hemengo ohiturak, ideiak… Kultura, orokorrean, ezagutu nahi dugu eta bertako partaide izan” aipatu du Marik. Horretarako baina, hasiera batean zailtasunak aurkitu zituzten. “Komunikazioa, errespetua, eta integrazioa lortu nahi dugu bertako herritarrengandik eta baita ere Zumaian bizi diren beste atzerritarrengandik ere. Gure seme-alabak oso integratuak daude hemen, bertakoak dira, euskaraz hitz egiten dute eta hemengo lagunak dituzte. Baina guri, helduoi, zailagoa egiten zaigu hemengo jendearekin kontaktuan jartzea. Gure helburua elkar ezagutzea da, eta guztion artean sare bat osatzea” jarraitu du Sirek. Horregatik, bakarka lan egin beharrean, elkarte gisa funtzionatuta helburu hauek betetzea dute nahia.

Orainak eta etorkizunak aniztasunean bizitzea dakar, eta hain zuzen beraien kultura euskal kulturaren barne sartzea eta nahastea polita izan daitekeela uste dute. “Urte asko goaz hemen bizitzen eta uste dugu ezkutu samarrean egon garela. Bada garaia ekintzak elkarrekin antolatzeko eta herriko festa edo jaialdietan batera parte hartzeko. Uste dugu herriarentzat onuragarria izan daitekeela, eta baita aberasgarria ere”.

Afrikatik datozenei babesa eman

Euskal kulturan integratzea helburu nagusia izanik, Afrikatik datozen pertsonei ere babesa ematea da elkartearen zereginetako bat. “Gutako gehienak kalean ezagutu gara, edota umeen parkean, eta horrela zaila egiten da gure artean elkar ezagutzea eta adiskidetasuna sortzea. Norbait edo familia berri bat badator Afrikatik, gure lana laguntza eta babesa ematea ere bada” esan dute.

Elkartea sortzeko ideia Marik lehenagotik ezagutzen zituen beste bi afrikarrekin gauzatua izan da. “Komentatu zidatenean baiezkoa esan nien, ideia oso ona iruditzen zitzaidala”. Horrela berak ezagutzen zituen beste batzuei esan eta urrian arkumearen festa antolatu zuten. “Horixe izan zen elkartearen lehen ekintza nagusia” esan dute. “Denok dirua jarri genuen, eta bi arkume hil eta jan genituen. Dantza, eta abestiak ere egin genituen eta jende asko hurreratu zitzaigun” adierazi dute.

Baina nahiko sorpresaz antolatutako jaia izan zen. “Horregatik, larunbat honetan antolatu dugun festara gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak. Gure arropa tipikoekin desfile bat egingo dugu aurrena, eta gero dantza egiteko eta abesteko tartea egongo da. Musika oso presente dago gure kulturan eta jendeari danborrak jotzen irakatsi nahi dugu, makilak jotzen, dantza egiten… Hau guztia, janariarekin lagunduta izango da, gainera”.

Anitzak gara kulturarteko topaketak

Abenduak 16

17.30ean, Aniztasuna lantzeko ipuin kontaketa: ‘Txanoak buruan eta ibili munduan’. Kontukantoi taldea. Alondegiko haur liburutegian. 4 urtetik gorakoentzat.

Abenduak 17

19:00etan ‘Mamnou’ (Debekatuta) dokumentala gaztelaniaz eta solasaldia amaieran. Malen Etxeak antolatuta.

Egiptoko gatazkari buruzko dokumentala da, eta amaieran, Amal Ramsis zuzendariak horren inguruan hitz egingo digu. Azalduko digu Egiptoko gatazka zein den, eta zerk bultzatu duen jendea kalera ateratzera. Horrez gain, esango digu “debekatuta” hitzak bizitzako zein alderdi ezberdin azaldu ditzakeen.

Abenduak 18, Migratzaileen nazioarteko eguna

18:30ean, mahai ingurua: migrazio bizipenak. ‘Zumaian, zer dakigu bizi garen 53 kulturei buruz? Badugu zertaz hitz egin!’ Alondegian, Oxford aretoan.

Amaieran: Arabiar janari eta edari dastaketa.

Mahai inguruan, Zumaiara bizitzera etorritako hainbat herrialdetako zumaiarrek hitz egingo digu,eta aukera izango dugu euren migrazio bizipenak ezagutzeko: zerk bultzatuta etorri diren Zumaiara, nola sentitu diren, norekin duten harremana…

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide