Maria Zubimendi: "Bakarlari modura egin nahiko nuke lan"

Baleike 2014ko abenduaren 15a

[/caption]

Bederatzi urte zituen akordeoia esku artean lehen aldiz hartu zuenean eta orain, 19 urterekin (20 beteko ditu hilabete honetan), bere maisutasuna erakusten du kontzertuetan eta parte hartzen duen lehiaketetan. Horren erakusgarri da pasa den asteburuan Arrasate Hirian, akordeoiari inguruan dagoen lehiaketa garrantzitsuenetakoan, lortutako bigarren saria. Gaur egun goi mailako ikasketak ari da burutzen Musikenen.

Arrasate Hiria lehiaketan bigarren saria eskuratu duzu. Zer da akordeoilari batentzat lehiaketa hau?

Arrasaten antolatzen diren akordeoiko lehiaketetatik nazioarte mailakoa da Arrasate Hiria. Gipuzkoako txapelketa badago, estatu mailako akordeoilariek parte hartzen dutena, eta hura adinaren arabera doa. Arrasate Hiriak ez du adin aldetik limiterik eta mundu osotik etorritako akordeoilariak etortzen dira. Eskusoinu munduan oso lehiaketa gutxi daude potenteak eta Arrasatekoa garrantzitsuenetakoa da.

Aurreko txapelketetan parte hartu behar da Arrasate Hirian lehiatzeko?

Kanpotik bazatoz zuzenean pasatzen zara. Nire kasuan, hemengoa naizenez, Arrasate niretzako erreferente bat bezala izan da. Infantila, juniorra... pixkanaka kategoria denetan hartu dut parte eta orain, maila eduki dudanean, erabaki dut Arrasate Hirira joatea.

Aurretik Arrasaten sariak jasotakoa zara?

Bai, infantil, junior eta senior mailatan dauzkat aterata. Orain urte asko irabazi nuen seniorrekoa, gazte nintzenean, 15 urterekin. Lau urte egon naiz joan gabe, antolakuntzan pixka bat laguntzen.

Nazioarte mailako txapelketan parte hartu duzu. Urduritasun berezirik ba al zenuen?

Nerbioak beti daude, Arrasaten eta joaten zaren edozeinetan. Badakizu zeren aurrean zauden. Lan bat egin duzu, zer obra joko dituzun aukeratu eta hainbat hilabetetan prestatu –bakoitzak bere denbora behar du-, eta gero joaten zarenean zu eta leku desberdinetatik etorritako beste ez dakit zenbat pertsona daude, estilo desberdinak jotzen dituztenak, baina maila oso altuarekin. Nerbioak beti daude, baina kontrolatzen ikasi behar da eta gero eta gehiago kontrolatu, ahalik eta hobe.

Estiloaren aldetik maila desberdinak daude lehiaketan?

Ez, ez, denak klasiko edo garaikide mailan dira. Ez dira sartzen ez jazz, ez pop edo halakorik. Estiloa diodanean errepertorio desberdina diot. Guk gehiago jotzen dugu estetika bateko obrak, eta adibidez Errusia edo Serbiako akordeoilariek gehiago jotzen dute errusiar errepertorioa, birtuosoagoa. Orain aldatzen ari da kontua. Akordeoia musika garaikidearekin lan pila ari da egiten, ze oso instrumentu gaztea da. Musika berriak asko ari dira zabaltzen eta geroz eta jende gehiagok jotzen du gure errepertorio mota hori.

Akordeoia trikitixa edo berbena munduarekin lotzen dugu...

Gu ez gara giro horretan mugitzen, gu gehiago mugitzen gara klasiko garaikidean.

Abangoardia aldera ere jotzen duzu sarritan.

Musikenen gauden ikasleek abangoardiako musika jotzen dugu gehien. Baita ere iraganeko musikak ere jotzen ditugu, baina akordeoirako egindako egokitzapenak dira, eskusoinurako ez zegoen eta ezer konposatuta. Errepertorio originala gaur egungo obrak dira.

Zaila al da akordeoirako obrak aurkitzea?

Ez, obrak soberan ditugu aukeratzeko. Errepertorioa badugu, herrialde desberdinetako konposatzaileak ari dira-eta akordeoirako musika konposatzen. Interprete profesional batzuk elkarlanean daude konposatzaileekin eta lanak enkargatzen dizkiete. Modu horretara lana zuzenean egiten dute. Gu, ikasle bezala, ari gara saiatzen aldaketa horretan parte hartzen.

Lehiaketa nola banatzen zen? Faseka?

Bi fase zeuden. Lehenengo fasean derrigorrezko obra bat jo behar zen eta gero libre bat, norberak aukeratutakoa. Normalean iraupen bat izaten du; kasu honetan 10 minutu ziren. Bigarren fasean 30-40 minutuko tartean programa bat jo behar zenuen, eta horretatik obra batek izan behar zuen antolakuntzak jarritako zerrenda batetik aukeratutakoa. Bachen bat ere jo behar zen eta beste guztiak libre ziren. Kanporaketa bat izaten da. Lehen fasean azkena nintzen jotzen eta bigarrenean lehena. Askotan besteen saioak entzuten geratzen naiz, asko ikasten da eta, baina aurten nahiago izan dut nirea egin ondoren joatea.

Oholtza gainean nola sentitu zinen?

Beti ere kontzertu bat jotzea errazagoa da. Publikoa kontzertu batera joaten bada zure lana entzun nahi duelako da. Lehiaketa batera joaten zarenean presio gehiago duzu. Lan bat egin duzu eta hori defendatu behar duzu. Horrek presio handiagoa sortzen dizu. Gero eta lehiaketa gehiagotara joan, zure buruan kontrol handiagoa izaten ikasten duzu. Zuk zure eskuan dagoena bakarrik egin dezakezu eta besteek zer pentsatzen duten ez dago zure esku.

Marko Sevarlic serbiarak irabazi zuen hemen. Ezagutzen al duzu?

Bai. Musikenen ikasi zuen eta orain hiru urte amaitu zuen; gaur egun master bat ari da egiten Alemanian. Oso interprete on batekin ari da ikasten. Aurretik ezagutzen ginen.

1,03 puntu besterik ez dira egon bion artean. Lastima.

Egia esan nire postua ez nuen espero. Ondo prestatu nintzen, baina Arrasate oraindik urruti ikusten nuen. Probatu eta ahalik eta hobekien egitera joan nintzen. Baina saria eman didate eta oso, oso gustura nago. Parte hartzen dudan lehen urtea da eta ikusita zer maila zegoen, errekonozimendu hori jasotzea niretzako gauza handia da.

Zenbat akordeoilarik hartu dute parte aurten?

Hamalau zeuden izena emanda, baina ez dira denak joan. Bigarren fasera sei pasa ginen.

Egunean zenbat ordutan egon zara honetarako prestatzen?

Karrera baten barruan gaude eta ikasgai asko ditugu. Nola antolatzen garen, hainbeste ordu sartu ditzakegu. Ni bastante ikastekoa naiz eta egunean zazpi bat ordu sartzen saiatzen naiz. Eta asteburutan gehiago; zortzi bat ordu ez dizkit inork kentzen. Batzuk sekulako erraztasuna dauzkate eta besteok orduak behar ditugu. Nire kasuan, orduak behar ditut eta kalkulatzen dut zenbat ordu behar ditudan helburu horretara heltzeko.

Arrasaterako ordu gehiago sartu zenituen?

Antzerako. Azken egunak beti gogorrak dira; topera zoaz. Denbora badut, ordu gehiago sartzen ditut eguna heldu arte.

Udaberrian Alemaniako Klingenthal herriko lehiaketan ere izan ziren. Zenbat urte zoaz goi mailako lehiaketatan parte hartzen?

Pare bat urte izango dira. Iaz, irailean, Italiara joan nintzen, Castelfidardora. Maiatzean Klingenthalera joan naiz eta orain Arrastera. Nazioarte mailakoak hauek izan dira. Ez daude askoz gehiago. Moskun badago bat lau urtean behin egiten dena. Agian etorkizun batean joango naiz.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua? Orkestra batean jotzen agian?

Akordeoia ez dago gaur egun orkestretan. Noizean behin, gaur egungo musika abangoardista honetan, ari dira konposatzaileak akordeoia orkestretako plantillan sartzen, baina gaur egun ez dago, eta ez dago hori nire asmotan. Solista bezala ahal bada egin nahiko nuke lan, azken finean horretarako ari naiz-eta ikasten. Ez dudana nahi da Goi mailako ikasketak amaitu eta klaseak ematera mugatu; oreka bat izan nahiko nuke: klaseak eman bai –klaseak emanda pila bat ikasten duzu-, baina bestalde ez ditut antzokiak alde batera utzi nahi. Kreatiboa izan nahiko nuke: instrumentu batzuekin proiektu bat sortu eta bira txiki bat egin. Interpretazioa ez dut alde batera utzi nahi; hori oso garbi daukat.

Epe laburrean beste lehiaketarik baduzu?

Lehiaketak ez ditut buruan. Pentsatu egin behar dut zer egin. Hirugarren mailan nago (Goi maila lau urte dira) eta Musikene utzi eta gero zer egingo dudan pentsatzen nabil: kanpora joan, master bat egin, master hori egitera nora joan... Azken momentuan animatzen banaiz lehiaketa batera joateko, aukerak hor daude. Azken unera arte ere ezin duzu egon, masterrak egiteko ere proba batzuk egin behar dira eta.

Lekuak ba al daude masterrak egiteko?

Europan bospasei leku badaude irakasle onarekin. Ez daukat ziur akordeoiko masterra egin nahi dudan, edo agian musika garaikidekoa, edo kamerakoa. Ikusiko dut.

Konposatzailearena?

Ez, konposatzen ez. Interpretazio mundua askoz nahiago dut.

Nola hasi zinen akordeoiarekin? Gogoan al duzu?

Beti akordeoi handiarekin egin ditut ikasketak. Inork ez dit esan akordeoia hartzeko. Beti gustatu izan zait musika; musikarekin lotutako zerbait zegoenean beti han nintzen. Hemen, Musika Eskolan, instrumentuak probatzeko jardunaldi irekiak izan zirenean, hasieran zeharkako flauta hartzea pentsatu nuen. Gustatzen zitzaidan, baina aukeratzeko momentua heldu zenean akordeoia aukeratu nuen. Ez dakit zergatik; intuizioa izango zen. Ez naiz batere damutzen; gaur egun ez dut nire burua zeharkako flauta jotzen ikusten.

Zenbat urterekin izan zen hori?

Musika eskolan sei urterekin hasi nintzen, baina lehen urteak badakizu nolakoak izaten diren. Serio bederatzirekin hasi nintzen. Irunera joaten hasi nintzen, Miren Iñargarekin ikastera, eta berekin gogor hasi nintzen.

Pentsatzen al zenuen halako mailan arituko zinenik?

Bederatzi urterekin ez duzu halakorik pentsatzen. Hor hiru faktore daude: irakaslea, gurasoak eta ikaslea. Nire kasuan hirurek funtzionatu dute: irakasleak nirekin oso lan ona egin du eta oraindik badugu izugarrizko harremana, gurasoek astero Irunera joateko sakrifizio handiak egin dituzte eta nik ere erantzun egin dut ikasle bezala.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide