Bihar hasiko dira Talaimendiko magala egonkortzeko lanak

Baleike 2014ko abenduaren 17a

Martxoaren 7an gertatu zen luizia Juan Belmonte kalearen atzealdean, eta obrak otsail amaiera arte luzeatuko direla aurreratu du Udalak.

Bihar, abenduak 18, hasiko dira Juan Belmonte kaleko atzealdean magala egonkontzeko lanak. Martxoaren 7an, goizaldean, luizia izan zen 49. eta 51. atarien atzeko magalean, eta bizilagunen segurtasuna bermatu asmoz behin-behineko eta emergentziazko lanak eginez eman zitzaion irtenbidea arazoari.

Zumaiako Udalak magala egonkortzeko proiektua eskatu zion Ikerlur enpresari eta magal horren egonkortasuna eta inguruko etxeetako segurtasuna bermatzeko proiektua eginda dago, eta obrak hasteko tramiteak egiten aritu da Udala.

Azken asteotan magalaren egoerak okerrera egin du, eta hori dela eta Udalak azken egunotan gune horren inguruan segurtasun neurriak indartu ditu. Eta bihar, goizeko lehen orduan ekingo dio Tesinsa enpresak magala egonkortzeko obrari. Lanak otsailaren bukaera arte luzatzea aurreikusten da, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Obrak irauten duten bitartean goiko etxeetarako bidea itxita izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide