Bide erdia osatu du pistako denboraldiak

Baleike 2014ko abenduaren 18a

Joan den asteburuan Donostiako Belodromoan txirrindulariek jokatutako laugarren probaren berri eman digu Arritxu Iribarrek:Laugarren jarduanldia jokatu zen aurreko larunbatean Donostiako belodromoan. Gipuzkoa Torneoak guztira 9 saio izango ditu eta erdi-erdira heldu da lehiaketa. Laugarren jardunaldiak denetik izan zuen; nabarmentzekoa Open lasterketetako txirrindularien maila eta lasterketen gogortasuna.  Abiadura ikaragarria izan zen, lehia estua eta ondorioa aspaldian ikusi den puntuaketa saiorik gogogorrena jokatu zela: 31 txirrindularik lasterketa hasi eta ziklistak ematen ari ziren egurrari eutsi ezinda 11 besterik ez ziren lasterketa bukatzeko gauza izan.

Gure txirrindularietatik Aitor Olaziregik orain arteko saiorik kaxkarrena osatu zuen, gaixorik bertaratu baitzen. Ampo-Goierriko TB taldeko ziklistak ez zuen gorputzaldirik onena, baina parte hartzeagatik ematen diren puntuak ez galtzeko lehiatu nahi izan zuen. Japoniarrean azkenean atzean gelditu zen, kanporaketan aurrena joan zen kalera eta puntuaketan ez zuen parte hartu. Hala ere, sailkapen nagusian 13.a da eta postu oso ona da parte hartzaileen maila ikusita.

Gorka Etxabe gero eta hobeto dabil nahiz eta oraindik ere emaitzek lagundu ez. Japoniarra izan zen bere lasterketarik onena, kanporaketan aurrenenegoetakoa izan zen kalera joaten eta puntuaketa beldurgarrian hasieran aurpegia eman zuen eta gogotik ordaindu zuen, ezinezkoa egin baitzitzaion amaitzea. Lehen urtekoa izanik, sailkapenean duen 22. postua oso ontzat eman behar da.

Kadete mailan Gaizka Gurrutxagak B lasterketetan parte hartu zuen oso lan ona eginez eta urrezko puntuak jasoz; ondorioz sailkapenean 17. jarri da eta larunbatean onenekin lehiatzeko moduan izango da; hor egiari zor, zailagoa izango du baina ona da ikasteko.

Nesketan, Eider Manzisidorrek gero eta konfidantza gehiagoz lehiatzen duela erakutsi zuen eta txukun ilibi ondoren, sailkapenean 8. tokiaren jabe egin da.

Larunbatean, abenduaren 20an, 5. jardunaldia osatuko da Donostiako belodromoan arratsaldeko 4etatik aurrera. Ziklismo zaleei gogoratu nahi diegu sarrera dohainik dela eta berriz ere maila handiko lasterketak iragartzen direla.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide