2015eko urtarrilaren 17an eta 18an Bigarren Eskuko Azoka egingo da Alondegian. Dagoeneko seigarren edizioa izango da eta produktuak saldu nahi dituztenek, Algorri Zentroan eskaera egiteko aukera izango dute, Abenduaren 26tik Urtarrilaren 15a arte. Saltzaileak salmentaren % 100a jasoko du. Elkarteek ere beraien postua jartzeko aukera izango dute.
Gure gizartean hedaturiko hainbat eta hainbat ohiturek planetaren baliabideen gehiegizko ustiapenarekin zerikusi zuzena dute. Horien artean, kontsumoa bereziki azpimarragarria da. Hala, gizarte iraunkorrago bat lortzeko bidean, kontsumo jasangarriaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa gertatzen da. Gainera, bizi dugun krisi ekonomikok ere, bestelako erosketa-ohituretan sakontzeko aukera bikaina eskaintzen du. Ondorioz, 2009 urtean ekindako bideari jarraiki, Algorri Zentroak bigarren eskuko azoka antolatuko du, Zumaiako Udalaren ekimenez.
Etxean duenari probetxua atera nahi dionak aukera bikaina du bigarren eskuko azoka honetan. Izan ere, produktu bakoitzaren prezioa jabeak berak ezarriko du, eta salduz gero, irabazien % 100a jasoko du. Salgai jarri ahal izango diren produktuak oso anitzak dira: ikus-entzunezkoak, liburuak, pelikulak, CDak, osagarriak, gerrikoak, lepokoak, zapiak, apaingarriak, bazarra, jostailuak, tamaina txikiko tresna elektrikoak... Arropa eta telefono mugikorrak, ordea, ez dira onartuko eta tamaina handiko gauzak argazki bidez aurkeztuko dira azokan bertan, horretarako prestatuko den panel baten bitartez.
Interesaturiko elkarte edota partikularrentzako informazio gehiago: Algorri Interpretazio Zentroa, 943143100, info@algorri.eu.
Zehaztasunak
Noiz: 2015eko Urtarrilak 17 eta 18, larunbata eta igandea
Non: Zumaiako Alondegia
Ordua: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00
Nola: Algorri Zentrora eramanda, Abenduaren 26tik Urtarrilaren 15a arte (ostegun, ostiral, larunbat eta igandean).