Udal aurrekontua %7,15 igoko da 2015ean

Baleike 2014ko abenduaren 19a

Datorren urteko udal aurrekontuak onartu dira gaur iluntzean egin den ez ohiko plenoan, Aralar eta Bilduren aldeko botoekin. EAJk eta PSEk eztabaidan parte hartzeari uko egin eta aurka bozkatu dute, Udaleko idazkariaren eta kontu-hartzailearen aurkako txostenak daudela argudiatuta. Bere aldetik, Udal Gobernuak azaldu du azken urteotan abian jarritako politikei eta irizpideei jarraituta osatu direla aurten ere aurrekontuak.

Udalak 13.012.797 euroko aurrekontua izango du 2015an, 15.789.118 eurokoa aurrekontu bateratua aintzat hartuz gero (San Juan Egoitza, Musika Patronatua, Kirol Patronatua eta Zumaia Lantzen barne). Udalak gaur egun zorrik ez duela azaldu du Ogasuneko zinegotzi Arritxu Gonzalezek, baina jarraian azaldu du Zumaia Lantzen desegitea erabaki dela eta datorren urtean haren zorra –hiru milioi eurokoa– eta hartzekodunak bere gain hartuko dituela Udalak. Aurreratu duenez, Udala dagoeneko ari da Banketxeekin dauden kredituak negoziatzen.

Sarrerak

Sarreren kapituluan, datorren urterako Aldunditik datorren ekarpena nabarmen igotzea aurreikusi da, %12 inguru. "Bestetik, eskatuta dauden hainbat laguntza ere aurreikusten dira 2015erako. Hala, frontoi luzerako Aldundiak emandako laguntzatik 200.000 euro jasoko dira, Juan Belmonteko magala egonkortzeko obretarako ere laguntza iristea espero da, eta kopuruz txikiagoak diren beste zenbait laguntza ere jasoko dira". Aurrekontuak parekatzeko ez da aurreikusten mailegua eskatu beharko denik, 2014an gastatu ez den diruarekin nahikoa izango delakoan.

Gastuak eta inbertsioak

Gastuai dagokionez, %10eko igoera izango da. Horretarako bi arrazoi nagusi eman diru Udal Gobernuak: alde batetik, Aita Marin egingo den ur saneamenduaren obrak eragindako gastuak (79.000 euro), eta bestetik, etxez etxeko zerbitzua kudeatzeko modua egokitzeak ekarriko duen gastuen igoera (303.000 euro).

Inbertsioak

Inbertsioei dagokioenez, 2.165.223 € izango dira. Iaz baino %30 gehiago. Inbertsio nagusiak hauek dira:

-Sabaia erabilera publikoa duten garajeak: 239.000

-Frontoiko urbanizazioaren 1. fasearen ejekuzioa: 572.500€

-Juan Belmonteko magala: 270.000 €

-Zumaiako frontoi luzea: 200.000 €

-Oikiako eskola berria: 70.000 €

-Baratzak: 60.000 €

-Arau subsidiarioak berritzea : 50.000 €

-Ur hornidura eta saneamendua: 60.000€

-Urola Itsasadarra plan berezia gauzatzea: 50.000 €

-Hainbat hobetze obra bide publikoetan: 100.000 €

EAJ eta PSE, aurka

EAJk eta PSEk ez dute aurrekontuen eztabaidan parte hartu nahi izan, "legez kanpokotzat" jotzen dituztelako. Plenoaren hasieran ohartarazi dutenez, Udal Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu orokorraren proiektuan Zumaiako idazkariaren eta kontu-hartzailearen aurkako txosten bana jasotzen dira. "Txostenok, aipatu kontuek dagozkien eskakizun legalak ez dituztela betetzen adierazten dute", azaldu du EAJk. Aurrekontu proposamena itzuli eta egin beharreko lege zuzenketak egiteko eskatu dute. "Sekulako astakeria da, eta iruzur egiten zaio Zumaiako herriari", esan du EAJko zinegotzi Edurne Egañak. "Ez dugu ulertzen nola aurkeztu duten legez kanpoko  aurrekontu proiektua, ez bada alderdi interesengatik. EHBilduren kudeaketaren ezaugarri den inposaketearen beste adibide bat da, eta beste behin gutxietsi egin dute udal teknikarien iritzia".

Espainiako Gobernuak erakunde publikoei ezarritako lege baten urratzea dago EAJren eta PSEren kritikaren oinarrian. Izan ere, PPko Gobernuak legez ezarria du langile kosteak ezin direla handitu, baina Udal Gobernuak 2015erako aurkeztutako aurrekontuetan kapitulu hori %3,8 igoko da. Soldatak berdin mantenduko dira, baina Espainiako Gobernuak ezarritako muga betetzeko Udalak brigadako langile batzuk kaleratu beharko lituzke –orain arte haiek kontratatzeko zeuden diru-laguntza batzuk bukatu egin dira– eta ezingo lituzke uda partean turismo arlorako egin nahi dituen kontratazioak egin. "Guk brigadako lanpostuak mantendu nahi ditugu eta turismokoa ere udan beharrezkoa dela uste dugu", azaldu du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. "Horregatik, jakin arren muga hori gainditzen dugula, erabaki dugu aurrera egitea, izan ditzakeen arriskuekin. Horren aurrean, kontu-hartzaileak eta idazkariak txosten bana idatzi dute horretaz ohartaraziz eta, norbaitek salatuz gero, epaileak aurrekontuak legez kanpokotzat jo ditzakeela jakinaraziz".

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide