Asteartean Gospel kontzertua egingo da Komentuan

Baleike 2014ko abenduaren 22a

The Upper Room bikoteak eskainiko du, 19:00etatik aurrera.

Mikel San Jose Irazabal (ahotsa) eta Iñaki Miguel Camio (pianoa) dira The Upper Room taldeko kideak. Duela lau urte izan ziren Zumaian azkenekoz eta oraingoan ikuskizun berri berria ekarriko dute: "Aspaldi izan ginen Zumaian, zineman, baina orduz geroztik euskarazko gospela landu dugu eta oso oharrera ona izaten ari gara", azaldu dute.

Gospela euskaraz eta ingelesez

Indartsu hasiko da kontzertua, Oh Happy Day klasikoa jo baitute, eta ondoren Glory Glory Hallelujah. Gospel doinu ezagunenak euskaraz kantatzeaz gain, gogora ekarriko dizkigute gospelaren erregin nagusiak, Mahalia Jacksonen Nobody Knows The Trouble I've Seen eta Clara Ward & The Ward Sisters-en Canaan entzuteko aukera izango baita.

«Gospelaren azpigenero nagusiak joko ditugu kontzertuan. Izan ere, gospelak lotura handia izan du beti blues, country eta soularekin, eta guztiei egingo diegu tartea. Espiritualitate handiko uneak egongo dira, baina baita erritmo handikoak ere, ikusleak txaloka eta kantuan jartzeko aproposak".

Gospela abesbatzekin erlazionatu ohi da, baina Iñaki eta Mikelek ahotsa eta pianoa batzen dituen formatu honen alde egiten dute: "Gospel musikan, bluesean eta jazzean gertatzen den moduan, era askotariko formatuak erabiltzen dira. Abesbatzena da ezagunena, hori baita telebistan ikusi izan duguna, baina berdin berdin jo daiteke ahotsa eta pianoaren bitartez, eta baten batek zalantza eginez gero, etor dadila gure emanaldira".

The Upper Room 2005 urtean hasi zen, laster 10 urte beteko dituzte beraz, eta hori ospatzeko disko bat grabatzen ari dira. Gipuzkoan hurrengo kontzertuak Soraluzen eta Olaberrian izango dituzte, abenduak 27 eta urtarrilak 5ean, hurrenez hurren.

 

[ARGAZKIA]: Aisse MC.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide