OEITeko sendagileak: "Errauskailua jarri nahi duten agintarien ardatza ez dago osasunean jarrita"

Baleike 2016ko ekainaren 2a

Koro Zabaleta eta Eñaut Agirre sendagileek errauskailuak osasunean sor ditzakeen arriskuez hitz egin zuen Natur Taldeak Oxforden antolatutako hitzaldian.

Zubietan eraiki nahi den errauskailuaren gaia puri-purian dagoen honetan, Zumaiako Natur Taldeak errauskailuak herritarren osasunean sortu ditzaketen gaixotasun eta arriskuen inguruko hitzaldia antolatu zuen, asteazkenean, jendez bete zen Alondegiko Oxford aretoan. OEIT (Osasuna eta Errausketa Ikerketa-Taldea) taldeko Koro Zabaleta eta Eñaut Agirre sendagileak etorri ziren hitzaldi hau ematera.

XXI. mende hasieran Txingudin errauskailu bat egiteko proiektua mahai gainean jartzearekin batera jarri zen martxan talde hau. Urte hauetan isilik egon direla adierazi zuten hizlariek, baina Zubietako errauskailuaren proiektua ezagutzerakoan berriro sistema honek eragin ditzakeen arriskuen berri ematera behartuta sentitu dira. Hitzaldi hauez baliatzen dira informazio hau emateko, "instituzioek ez dutelako gurekin bildu nahi".

Azaldu zutenez, nazioarte mailan egindako ikerketez baliatu dira hitzaldian emandako datuak ezagutzera emateko. "Errauskailuak dituzten tokitan egindako ikerketak dira. Gainera, denbora epe luze batean hartutako datuak dira, gaixotasun batzuen kasuan, minbizietan adibidez, urte kopuru handia behar baita jakiteko ea errauskailu hauek eragina duten pertsonen osasunean"

Koro Zabaletaren ustetan, gizartean ez da ongi ulertu errauskailu batek nola egiten duen lan. "Pentsatzen dute hondakinak hor sartuta desagertu egiten direla. Eta ez da hala. Masa berbera ateratzen da, baina beste mota batzuetan eta hor gasak, dioxinak eta metal pisutsuak ateratzen dira", azaldu zuen. "Errauskailua bultzatzen dutenek diote mikropartikulak sortzen direla eta horiek ez dutela eraginik. Justu kontrakoa da: gorputzean sartzen zaizkigu eta tamainaren arabera gaixotasun mota desberdinak sortzen dituzte".

Ikerketa hauetan jasotzen diren datuen arabera, errauskailua duten tokien inguruan osasun arazoak areagotu egin dira: garaiz aurreko erditzeak, malformazioak, abortuak, erbi-ezpainak eta mota desberdineko minbiziak. "Madrilgo Carlos III.ak, epidemiologian Espainiako institutu onenak ikerketa bat egin zuen. Espainia osoko datuak hartu zituen 1997-2006 urteen artean eta datu horien arabera ondorioztatu zen minbiziekin lotutako heriotzak %10 batean igo zirela errauskailuak zeuden lekuen inguruan. Urdaileko minbiziak %35 igo ziren, besikulakoak %43 eta biriketakoak %19". 

Instituzioek erakutsitako jokaera kritikatu zuten sendagileek. "Osasun sailak 2004an eta Bizkaiko Zabalgarbi errauskailuak 2011n enkargatutako bi ikerketa erabiltzen dituzte esateko ez dagoela frogatuta errauskailuek osasunean eragina izan dezaketela. Komunitate zientifikoak ez ditu aintzat hartzen bi ikerketa horiek eta instituzioek ez diete jaramonik egiten justu kontrakoa dioten ehundik gora ikerketei. Ardura printzipioa ezartzea eskatzen da, hau da, osasunean arrisku minimo bat badago ezin da halako erabakirik hartu. Garbi dago agintarien ardatza ez dela osasuna". 

.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide