Goizeko 10:00etan abiatu ziren jardunaldian parte hartu zuten hamalau ontziak. Bakoitzak bina arrantzale zeramatzan. Sei ordu iraun zuen arrantza saioak eta ahalik eta arrain gehien hartzea zuten helburu.
Eguna lainotuta eta euria botatzeko arriskuarekin esnatu zen. Baina arrantza saioak errespetatu zuen eta ez zuen euririk bota amaierara arte. Itsasoaren egoerak ere zalantzak pizten zituen hasiera batean, baina epaileek lehen ordutatik ikusi zuten ekaitza baretu zela eta baldintzak arrantzarako ezin hobeak zirela.
Pisatzea, bai, euripean egin zen , baina hala ere jende kopuru polita inguratu zen harrapatutako arrain motak ikustera. Guztura 394 arrain harrapatu ziren. Pisuan 157,2 kilo eman zituzten. Arrain handiena itsas aingira bat izan zen.
Laugarren jardunaldiko irabazlea Kaskabeltza ontzia izan zen, 69 arrain eta 27 kilorekin. Bigarren Matraka sailkatu zen (57 arrain eta 20 kilorekin) eta hirugarren Asilei (52 arrain eta 19,2 kilo).
Lau jardunalditako okerrena baztertu ondoren, txapelketaren irabazlea Kaskabeltza izan zen, 4 punturekin; bigarren Spar sailkatu zen, 6 punturekin eta hirugarren Asilei, 8rekin.