Azaroko plenoa: aztertu ziren beste gaiak

Baleike 2016ko aza. 25a, 14:35

PSE-EEk aurkeztutako mozioak hartu zuen atzoko plenuko denbora gehien. Aztertu ziren beste gai ia guztiek alderdi guztien aldeko botoa jaso zuten. 

Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako akordioaren tipologia aldatu egin behar izan zen, kontuhartzaileak hala eskatuta. Diru-laguntza bezala jotzen zen hasiera batean, baina zerbitzu-prestazio bezala agertuko da hemendik aurrera. Alderdi guztien aldeko botoa (13) izan zuen. 

Ardantzabideko plan bereziaren behin betiko onarpena ere aztertu zen. BM supermerkatuaren irekierak eta kale honetan aparkatzeko dauden arazoek bultzata osatu da plan hau. 12 aldeko boto jaso zituen eta abstentzio bat (Gotzon Enbilena).

Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren estatutu aldaketen onarpenean ere ez zen arazorik izan. Europatik datorren agindu baten ondorioz, elkarte publiko honen estatutuetan aldaketa bat egin behar zen erakunde batek honen erantzukizuna izan zezan, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zinegotzi guztien (13) aldeko botoa jaso zuen. 

Bestalde, udal gobernua akordio batera iritsi da berraztertze errekurtsoa aurkeztu zuten udal administrariekin eta hitzarmena alderdi guztien adostasunarekin onartu zen. Horri esker, 2012tik administrariek zuten egoera desblokeatzea lortu da. Errekurtsoa aurkeztu zuten sei administrarietako bostekin lortu da akordioa.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira prestatutako adierazpen instituzionalak ere guztien aldeko botoa izan zuen, baita Euskaren Egunekoak ere. 

Azken unean Altsasuko Gertakarien inguruko mozioa sartu zuen EH Bilduk. EAJ-PNV (6) eta EH Bilduren (6) aldeko botoekin onartu zen; PSE-EE (1) abstenitu egin zen.

EAJko Xabier Garmendia zinegotziaren agurra ere izan zen atzo. Kontu pertsonalak medio, kargua uzteko erabakia hartu zuen orain hilabete batzuk eta atzo izan zuen azken plenoa. Haren lekua Ane Arregik hartuko du.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide