Zumaiako Darahli elkarteko hiru kide saharar kanpamentuetan daude proiektuak aurrera eramaten

Baleike 2016ko abenduaren 7a

Zumaiako Darahli elkarteko hiru kooperante, Maialen Tolosa, Amaia Zubimendi eta Jon Urbieta, Saharako kanpalekuetan dira gaur egun. Zumaiarekin anaikidetuta dagoen Zug herrian egingo dute egonaldia.

Bertan egongo diren egunetan honako proiektuak eramango dituzte aurrera.

2015eko abenduan izandako uholdeen ondorioz, Zugeko 91 familia oso kaltetuak izan ziren. Adobezko etxeak bertan behera erori zitzaizkien eta Zumaiako Udalaren, herriko lantegien, ikastetxeen eta elkarteen bitartez, 12.000 euro bideratu zitzaizkien 2016ko urtarrilean. Familia bakoitzak 130 euroko laguntza jaso zuen. Bidaia honetan Darahliko kideek proiektu honen jarraipena egingo dute familiaz-familia.

Mikrokredituen proiektua: emakume gazteek beraien proiektua martxan jarri eta negozioak aurrera ateratzeko, Darahlik sei mikrokrediko bultzatuko ditu; bakoitzari 1.000 euro emango zaizkie. Diru laguntza honekin hiru hilabetetan negozio berri hauek martxan jarriko dituzte: bazar denda, ile-apaindegia, janari-dena, fotokopia-fotografia denda, burdindegia eta modista-denda.

Beharra handia duten eta 2017an lagunduko dituzten 30 familien aukeraketa egingo dute, Senidetze proiektuaren barruan. Horretarako Zumaiako Alondegian martxoan egingo da dirua lortzeko kanpaina berezia.

Bestalde, kanpalekuetan azken bolaran bizi duten egoera larria ezagutuko dute.

Hauek guztiak dira Darahli elkarteko hiru kooperanteek egingo duten lana.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide