Parean jarrita, buiari begira, pentsatu duzu geu ere buia hauen antzekoak garela: soka edo kate sendo batek hondoari lotuta, leku batean geldirik egoten gara, ur gainean, batzuetan airoso eta ondo ikusteko moduan, harro eta pozik; beste batzuetan, berriz, erdi ezkutatuta eta hondoratu beharrean, olatu artean, ezin arnasa harturik; korronteak eta haizeak mugiarazten eta eramaten gaituzte batetik bestera, eta zorioneko aingurak eusten digu ez alde egiteko. Horrela pasatzen dira egunak eta gauak, eguzkiak eta ilargiak, inoiz ezer aldatuko ez balitz bezala, baina halako batean, zerbaitek huts egingo du: eusteaz aspertu eta askatuko da aingura behetik, edo hainbesteko tentsioarekin, etengo da sendoena zirudien katebegia. Orduan, itsasoak eramango gaitu norabaitera, gurea ez den eremu batera, eta hantxe utziko gaitu; galduta sentituko gara, ez-lekuan, nabarmen, eta halako batean, zorte pixka batekin, norbaitek ikusiko gaitu eta galdetuko digu : “Nongoa zara?”. Orduan, berriz ere piztuko zaigu gurera itzultzeko esperantza.