Egoerak onera egin du baina berdintasuna urrun dago kirolean

Baleike 2017ko martxoaren 8a

Imanol Urrestarazu bideoaren zuzendaria eta Karmele Gomez berdintasun teknikaria

Emakumeek kirol munduan bizi duten egoerak aldaketa handia izan du azken urteotan onera, baina oraindik badago non lana egin. Hori da atzo Alondegian egin zen ekitaldian ateratako ondorio nagusia. Bertan, Zumaiako emakumeak kirolean izeneko bideoa aurkeztu zen eta, ondoren, debatea izan zen bertaratutakoen artean. Ekitaldi honek eman zion hasiera Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako Hilabete Moreko egitarauari. 

Kirolarekin lotutako jendea hurreratu zen gehienbat. Hasteko, Karmele Gomez Berdintasun teknikariak 2015. urtean emakumeak eta kirola gai bezala hartuta egin zen diagnostikoaren datu batzuk eman zituen. Hala, eskola kirolean nesken eta mutilen artean parekotasuna zegoela goraipatu zuen, baina, aldi berean, puntu ilunak ere badituela nabarmendu zuen, lehiakortasun eta jarduera bortitzak bultzatzea, hurrenez hurren. Talde mistoak eratzearen aldeko iritzia ere eman zen.

Errendimenduko kiroletan, berriz, aldea asko handitzen da: jarduera hauetan parte hartzen duen % 73 gizonak dira eta % 27 emakumeak. Aldea areagotu egiten da klubetako zuzendaritzatan: % 83 gizonak dira eta % 17 emakumeak. “Elkarteek saiakera egin beharko lukete emakumeen partaidetza sustatzeko”, adierazi zuen Karmele Gomezek. Bakarkakoetan baino, emakumeek taldekako kiroletan aritzeko ohitura dutela esan zuen eta 18 urtera heltzean, orokorrean, kirola utzi egiten dutela.

Imanol Urrestarazu da Zumaiako emakumeak kirolean bideoaren egilea. Ikus-entzunezko honetan arraunlariak, pilotariak, eskalatzaileak eta aisialdiko kirola egiten duten emakumeak agertzen dira, besteak beste. Zuzendariaren iritziz, garrantzitsuena “gauzak jasota geratzen direla da, urteetara ikusten delako zer garapen izan den. Askotan gertatu da elkarrizketatuek esan didatela ea zer duten esateko, zerk egiten dieten bereziak. Justu kontrakoa da. Hitz egiten duten guztiek gauza garrantzitsuak kontatu dituzte”.

Errealitate eta egoera “larri” asko ikusi dituela azpimarratu zuen Urrestarazuk. “Instituzioetatik klubetara ematen den diruaren erabileran eta banaketan ilegalitate batzuk daude. Egia da bilakaera onerakoa dela, baina, adibidez, niri oso larria iruditu zait lehiakortasuna eta kluben artean dagoen konpetentzia. Fitxa kopuruaren arabera baliabide gehiago izango dira. Instalazio onak behar dira, taldeak maila guztietan... Hain beharrezkoa al da hori? Gero, konpetibitate hori herritarrei heltzen zaie”.

Bideoan zehar parte hartzen duten emakumeek zenbait oztoporen berri eman zituzten. Hala, hilekoak edota haurdunaldiek errendimenduko kirolean duten eraginaren berri eman zuten hizlari batzuek. Ainhoa Azurmendi kirolean eta generoan adituak mito horiek bertan behera utzi zituen. “Ikerketen arabera ezin da konfirmatu hilekoak eraginik duenik kirol jardueran. Are gehiago, kirola egiteak mina kentzen du”. Haurdunaldia, berriz, “fase bat” dela adierazi zuen, “ez gaixotasuna”.

Gizonen kirolak estatus handiagoa duela gaineratu zuen. “Baliabideen banaketan eragina du horrek. Horri buelta eman behar zaio. Kalitatean ere badago zer hobetua; entrenatzaileen maila, ordutegiak... Horrek ere badu zer egina kirola uzterako orduan”.

Amaitzeko debatea zabaldu zen, kirola hizpide hartuta, gai ezberdinen artean. Hala, Gomezek zuzendaritzetan dagoen emakumeen eskasia atera zuen plazara. Arritxu Iribar kazetariak Zumaia, zentzu horretan, “salbuespena” dela esan zuen. “Eskubaloian, futbolean, mendian, surfean... Zuzendaritza hauetan emakumeak izan dira”. Bere ustetan denek inplikatu behar dute lan honetan.

Maria Pilar Manterolak txikiengan dagoen lehiakortasuna salatu zuen. “Txikitatik lehiatzea sartzen zaie buruan. Zergatik?”. Bere ustetan, eskola kirolean ez dira lana ongi egiten ari. Ainhoa Azurmendi lehiaketa demonizatzearen aurka atera zen. “Lehiatzea ez da txarra. Azken finean, bizitza zer da ba? Eskola kirolean jendearen jarrera da salagarria”.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide