Urte askoan Parrokiako kanpaiek zumaiarron egutegia eta bizimoduaren erritmoa markatu izan dute, berri onak eta txarrak eman izan dizkigute: ordua puntuan eta erdietan, jaiegunak, elizkizunak, hildakoak, suteak edo gertaera larriak… Gaur egun, ordea, apenas inork egiten dien kasu, hainbat arrazoirengatik: Elizak galdu duelako –neurri handi batean– lehen zeukan nagusitasuna, erlojuak ugaritu zaizkigulako bazterretan, herrigunea asko zabaldu eta apenas iristen delako oihartzuna bazter guztietara… Baina gauza ederra da kanpaiak entzutea… egoki joz gero. Izan ere, azkenaldian Parrokiako kanpaiak ez dabiltza oso zuzen: batzuetan, behar baino kanpai gutxiago jotzen ditu; ordua bigarren aldiz jotzen duenean ez du jotzen bi minutu aurretik jotako kanpai-kopuru berbera; dandatekoen arteko denbora batzuetan laburragoa da besteetan baino, denbora-tartea ez da beti berdina; dandateko batzuk oso ahul entzuten dira, kanpaiak indarrik ez balu bezala…
Inork badu arrastorik zer gertatzen den?