Ezin dugu Madrilen zain jarraitu, pentsio duinak hemen eta orain berma ditzakegu
EH Bilduk proposamen zehatza eramango du bihar Gasteizko Legebiltzarreko Osoko Bilkurara, lau urteko epean Jaurlaritzak 1.080 euroko pentsioak berma ditzan sistema osagarri baten bidez. Izan ere, EAEko 192.000 pentsiodunek 700 euro baino gutxiago kobratzen dute; egoera muturrekoa da, bistan da, eta ezinbestekoa da larritasuna arintzeko neurriak hartzea.
EH Bilduk EAJ eta PSEren babesa jasotzea eta bere proposamena, beraz, aurrera ateratzea espero du, Maddalen Iriartek azaldu duenez. “Ez dugu beste eszenatoki bat aurreikusten azken egunotan bai EAJ, bai PSE pentsiodunen aldarrikapenen alde agertu direlako; ez genuke ulertuko kalean pentsiodunekin bat egitea eta gero instituzioetan aldarrikapen horiek egikaritzeko neurriak ez hartzea”.
EH Bilduk eredugarri eta historikotzat jo ditu pentsiodunen mobilizazioak, eta azpimarratu du, euskal pentsio sistema propioa sortu bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako instituzioak “behartuta daudela une honetan dituzten eskuduntzekin pentsiodunen erreskatera ateratzera”, Nerea Kortajarenak adierazi duenez. Egungo pentsio sistemaren erantzule nagusia Gobernu espainola bada ere, “ezin dugu Madrilen zain jarraitu, hemen eta orain neurriak hartu ahal eta behar ditugu pentsio duinak bermatzeko”, Jaurlaritzaren eskumenak baliatuta.
Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide