Oikiako Eskolan argi dute tratu ona guztion kontua dela eta horren harira lanketa burutzen ari dira azken egunetan. Beste batzuen artean, Guk ere txoria dugu maite ekimena jarri dute martxan. Eskola komunitate osoaren artean hego erraldoi batzuk egiten ibili dira azken egunetan. Horretarako, ikasle, irakasle, eskolako beste langile, familia, auzotar eta gerturatu diren gainerakoak lumak egiten ibili dira buru-belarri.
Zeregin horretan ez dira bakarrik jardun, ordea. Zestoako Gisasola Egoitza ekimenean interesatu eta eurak ere lumak apaintzen ibili dira. Ikasleak eta egoiliarrak elkarrekin lankidetzan ibili dira, beraz; eta, bai batzuk eta bai besteak errepikatzeko gogoz azaldu dira.
Azkenik, arratsaldean hegoak zintzilikatu dituzte eta kolorez betetako lumekin argazkiak ateratzen ibili dira. Oikiako Eskolan zintzilik jarraituko dute hegoek, denboraldi batez behintzat. Izan ere, hegoak ebakiz gero, ez gara gehiago txori izango.