Ekimen hau Europan gaur egun dauden 94 geoparkeetan egingo da aldi berean, “tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman, eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin”, azaldu dute antolatzaileek.
Zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartzen duten jarduerak egingo dira datozen egunotan Deban, Mutrikun eta Zumaian; doakoak izango dira; geoparkea.eus atarian kontsulta daiteke egitarau osoa. Izenak herrietako turismo bulegoetan ere eman daitezke: 943-14 33 96, 943-60 33 78 edo 943-19 24 52.
Europako Geoparkeen Asteari hasiera emateko, maiatzaren 19an, ostegunean, arratsaldeko 19:00etan Urak aske filma proiektatuko da Zumaiako Aita Mari Antzokian. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte eta Miren Atristain egongo da aurkezpenean, EHUko Erreken Ekologia taldeko ikerlaria.
Biotop larunbatean
Datorren larunbatean, hilaren 21ean, Biotop izeneko biodibertsitate topaketak egingo dira. Euskal Kostaldeko Geoparkeak Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin antolatutako jarduera izango da hau, eta Itziarko Galarretako atsedenlekutik abiatuko da.
Topaketa hau edonori dago zuzendua, doakoa da eta Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea du helburu, “kasu honetan, Elorriaga auzoko hegaztiak eta flora ezagutzeko aukera emango digu”. Prismatikoak izanez gero, eramatea gomendatzen da. Goizean zehar zenbait irteera egingo dira, eta talde bakoitza, Aranzadi elkarteko adituen laguntzarekin, multzo taxonomiko zehatz bat ikustera joango da. 9:00etatik 10:30era eta 10:30etik 12:00etara hegaztiak ikusteko aukera izango da (lehen jarduera gaztelaniaz izango da, eta bigarrena euskaraz); ordutegi berean, 9:00etatik 10:30era, eta 10:30etik 12:00etara, landareak ezagutzeko parada izango dute parte hartzaileek (kasu honetan, lehen jarduera euskaraz izango da, eta bigarrena gaztelaniaz).
Ekimena irekia da, baina parte hartzeko izena eman behar da labur.eus/biotop2022 edo turismo bulegoetan. Plazak mugatuak dira eta taldeek 20 parte-hartzaile izango ditu gehienez.
Karsteko zaporeak
Maiatzaren 22an, igandea, goizeko 11etan, Geoparkeak Karsteko Zaporeak doako bisita gidatua antolatu du. Txangoan Goienetxe euskal baserri tipikoa bisitatuko dute eta gazta egiteko prozesua ezagutuko dute parte hartzaileek. Gainera, artalde bat ikusiko dute eta gazta dastatzeko aukera ere egongo da.
Mutrikuko Olatz auzoko San Isidro elizan hasten da bisita, bi orduko iraupena izango du eta euskaraz izango da. Erreserbak webgunean egin behar dira eta #GPKastea deskontu kodea ipini behar da erreserba doan eskuratzeko.
Ostiralean, maiatzak 27, Sorbeltzak: bizitza airean hitzaldia egingo da Eneko Azkue ornitologoarekin, 19:00etan Debako Turismo Bulegoan. Helburua da hegazti hauen inguruko informazioa ematea eta habi-kutxak nolakoak diren ezagutzea. Jarduera euskaraz egingo da eta ez da beharrezkoa izena ematea.
Gordailura bisita gidatua
Maiatzaren 28an, larunbata, Gordailura, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, bisita gidatua antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Gordailuan zaintzen dira Gipuzkoako material arkeologikoak eta paleontologikoak, lurraldearen historia ezagutzeko balio duten pieza interesgarriak. Debatik irtengo da autobusa goizeko 10:00etan eta bisitak 11etatik 12:30etara iraungo du. Bisitaren ondoren autobusa hartu eta taldea Debara eramango da.
Bisita euskaraz eta gazteleraz egin daiteke eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da.
Larunbat arratsaldean, maiatzaren 28an, bestalde, Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan, familientzako fosilen tailerra antolatu dute. 16:30ean hasiko da eta 18:00etan bukatzea aurreikusten da. Jarduera honen helburua da Nautilus Gela Didaktikoan Mutrikuko flysch beltzean aurkitutako fosil erraldoien bilduma ezagutzea. Horretarako, familiek geologia tailer dibertigarri batean parte-hartuko dute eta eskuz egingo duten amonite bat eramango dute etxera. 4 eta 12 urte bitarteko umeentzat da egokia jarduera hau.
25 lagunentzako tokia dago jarduera honetan eta aurrez izena ematea beharrezkoa da.
Itsaslabarraren garbiketa auzolanean
Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa datorren maiatzaren 29an egingo da, igandez, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar). “Ekimenaren helburua da herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea”.
Goizeko 8:30ean autobusa aterako da Debako Zumarditik boluntarioak Elorriagaraino eramateko; bertatik jaitsiko dira labarretara. Bestalde, talde bat antolatuko dute gidari batekin Zumaiatik oinez joateko. Kotxez ere gerturatu daiteke Elorriagara baina aparkalekua mugatua dela ohartarazi dute antolatzaileek. Talde horrentzako irteera puntua Elorriagako San Sebastian Ermita izango da goizeko 9:00etan.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute. Hiru orduko lana izango da eta ondoren, zakuak helikopteroz igoko dira Elorriagara. Garbiketan parte hartzeko interesa duten guztiek izena eman behar dute aurrez, labur.eus/garbiketa2022 helbidean.
Jarduera eta ekitaldiekin amaitzeko, solasaldia egingo da ekainean Itzurungo hondartzako terrazan. Hizlariak Mater Museoko Izaskun Suberbiola, Aztiko Oihane Cabezas eta Jon Kareaga ingurumen aktibista eta Bask markaren sortzaileetako bat izango dira; moderatzailea, berriz, Gorka Zabaleta kazetaria izango da. Saio honetan itsas hondakinen arazoa tratatuko dute.