Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak aurreratu du 2023ko antxoaren kanpainan kuota aurtengoa baino %17 handiagoa izango dela. Izan ere, berdel gehiegi harrapatzeagatik, Europako Batasunak Espainiari 2013an jarri zion zigorraren ondorioz, azken urteetan murriztua izan dute antxoaren kuota: 2016-2022 urteen artean, esaterako, urtero baimendutako kuota baino ia 3.700 tona antxoa gutxiago arrantzatu ahal izan dute arrantzaleek. 2023an, berriz, murrizketa 180 tonakoa izango da soilik, eta 2024tik aurrera ez da zigorrik izango.
Antxoaren biomasaren egoera ona dela ikusita, ICES Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak 33.000 tonako harrapaketak aholkatu ditu Bizkaiko Golkoan eta Kantauri itsasoan. Azken urteetan, 33.000 tonako kuota banatzeko akordioa egin dute Madrilgo eta Parisko gobernuek. Hurrengoa izan da banaketa: %90 Espainiako bandera dutenentzat, eta gainontzeko %10a Frantziako banderakoentzat. Hala, aurreko urtetako hitzarmena berritzen badute, 2023ean 29.700 tona egokituko zaizkio Espainiari, aurten baino %17 gehiago (25.258 tona).