Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) bi dirulaguntza emango ditu 2023an, bat ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta, bestea, eskualdeko enpresek langabeak kontratatu ditzaten.
Laguntzei buruzko informazio zehatza emateko bilera irekia antolatu du udal elkarteak, eta hori urtarrilaren 11n, asteazkenarekin, izango da. 09:30ean da saioa, udal elkartearen egoitzan, Zarauzko Abendaño industrialdean.
Hori bai, bileran parte hartzeko nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea galdetegi hau beteta.
UKUEk jakinarazi du guztira 458.000 euro bideratuko dituela bi laguntza lerro horietara –207.500 euro ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna hobetzera, eta 250.700 euro langabeak kontratatzeko laguntzetara–, eta horien bitartez, "eskualdeko ekonomiari eta enpleguari bultzada ematen jarraitzea" dela asmoa, "negozio berri bat martxan jarri nahi dutenei laguntza eta babesa eskainiz, dagoeneko martxan dauden enpresen lehiakortasuna mantenduz, hobetuz eta bermatuz, eta eskualdeko langabezia tasa gutxitzeko laguntzak eskainiz eta langabeen kontratazioa bultzatuz".
Gaur zabaldu da eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan zabaldu da, eta urtarrilaren 31n amaituko da.
Aurreneko dirulaguntza udal elkarteak finantzatuko du. Bigarrena, berriz,
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du. Hau da, deialdia Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen barruan kokatzen da. Horrenbestez, deialdi horrek Lanbideren 2022ko deialdiak ezarritako baldintza guztiak bete behar ditu.