30 bazkide, 78 komunikabide eta 299 udalerritara zabaldu da gaur Tokikom

Erredakzioa 2023ko mai. 12a, 14:39

Gaur goizeko batzarrean parte hartu duten kideak. (Tokikom)

Ermuan egin duen Ohiko Batzar Orokorrean, Tokikomek Debako Berriketan eta Ermuko Drogetenitturi toki komunikabideen bazkidetza eskariak onartu ditu aho batez. Gauzak horrela, dagoeneko 30 bazkidek osatzen dute euskarazko toki komunikabideen taldea. Guztien artean 299 udalerritara iristen den 78 komunikabideko sarea osatzen dute.

Hamargarren urteurreneko balantze positiboa egin du Tokikomek gaur egin duen batzarrean. Taldeak elkarlan bide sendoak ireki ditu komunikazioaren esparruko beste eragile batzuekin, hala nola EiTB taldea, datu kazetaritzaren lanketan oinarritutako Saretzen proiektuaren bidez, eta Espainiako beste toki komunikabideen hainbat elkarterekin, joan den martxoan Getxon (Bizkaia) batera sinatutako manifestuaren lanketaren bidez. Txirrindulariak.com-ekin egindako hitzarmenari esker, tokiko txirrindularitzaren berri zabaltzea eta toki komunikabideen kirol informazioa aberastea ere lortu du Tokikomek azken hilabeteotan. Hamargarren urteurrenak, gainera, oroigarri ederra utzi zuen bazkide guztien gogoan, Tokikom Sarien edizio bereziari esker.

Barne kohesioan ere aurrerapauso nabarmenak egin ditu taldeak. Irakurle eta bazkideen fidelizazio eta kaptazio kanpaina bateratua landu du lehen aldiz, eta barne komunikazio zein talde lanerako kanal eta tresna berriak inplementatu ditu.

Integrazio hori Tokikomek berak bazkideei eskaintzen dien tresna teknologikoetan ere igarri da: webguneen edukia argitaratzeko tresna gisa sortu zen Tokikom plataforman kudeaketarekin eta alderdi komertzialarekin lotutako funtzionalitateak ere txertatu dira lehenengoz, Tokimedia multimedia zerbitzariaren azpiegitura teknikoa optimizatu da bere funtzionamendua arintzeko, eta paperezko argitalpenentzako Edizio Sistema lainoko zerbitzu gisa inplementatu da, aldibereko lana zein telelana errazteko. Gainera, adimen artifizialeko teknologiak integratu dira hiru sistematan, edukien artxibo automatikoarekin laguntzeko.

Alde ekonomikotik ere balantze positiboarekin amaitu du urtea Tokikomek. Urteko balantzea 37.390 euroko balantze positiboarekin amaitu du taldeak, 600.000 euro inguruko bolumen global baten gainean. Irabazi horiek taldea osatzen duten komunikabideen eraginkortasuna hobetzeko tresnetan inbertituko dira.

2023: erronka berriak eta gogoeta estrategikoa

2023ra begira erronka berriak proposatu dizkio Tokikomek bere buruari. Haien artean aipagarrienetakoa Matx izeneko komunitate proiektua da. Egunotan fase pilotuan sartuko den proiektu berri honek gazteak eta kirol klubak uztartu nahi ditu, kirolzale komunitateak sustatzeko, horretarako komunikazio tresnak eskainiz. Proiektuaren arduradunak, Imanol Azurmendik, fase pilotua prestatzeko kirol entitateekin zein erakunde publikoekin izandako harremanetan jasotako harrera ona nabarmendu du.

Horrez gain, bere izaera eta zeregina zehazteko eta etengabe egokitzeko erronka ere badu Tokikomek. Komunikabide talde huts izatetik komunikazio talde izatera pasatzeko bidean pausu garrantzitsua emango du hurrengo hileotan, bazkideekin konpartitu nahi duen gogoeta estrategikoa bideratzeko prozesuan. Prozesu horretan bereziki landu nahi da taldeak bazkideetako bakoitzarekin izan behar duen harremana.

78 komunikabide 299 udalerritan

Bi bazkide berrien inkorporazioarekin, esan bezala, 30 bazkidek osatzen dute Tokikom, guztira 78 hedabide kudeatzen dituztenak: 34 webgune, 30 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Guztira, 220 langiletik gora dihardute taldeko komunikabideetan, eta Euskal Herri osoko 299 udalerritara iristen da.

Bolumen horrek informazio eta komunikazio kanal indartsu egiten dute Tokikom, hala hurbileko informazioaren berri jaso nahi duten ikus-entzule, irakurle eta erabiltzaileentzat, nola publiko horri produktuak eta zerbitzuak aurkeztu nahi dizkioten iragarleentzat. 2023an bere publizitate kanal bateratua ezagutarazteko ahalegin berezia egingo du Tokikomek, egin dezakeen eskaintza merkatuaren interesekoa dela sinistuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide