"Iraindu naute"– diozu.
"Ez da izan gure asmoa"–diogu. Eta sentitzen dugu, eta penatzen gaitu, legebiltzarkideen aurrean egin genuen agerraldiak sentimendu hori sortu badu zuregan, edo beste edonorengan. Gustatuko litzaiguke sentimendu hori baretzeko balioko balu jarraian idazten dugun gutunak.
Ezer baino lehen, eskertu nahi dizugu, Aritz, zure gutunean zubiak eraikitzeko egiten duzun deia eta, baita, elkartzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago dela azpimarratzea ere. Zentzu honetan, nahiko genuke gure gutun honek ere ekarpen positiboa egitea herritarren eta eskolen arteko bizikidetzari, ezkutatu gabe, ezinbestean, bakoitzak aukera desberdinak babes ditzakeela, zilegitasun osoz, hezkuntza sistema edo ereduari dagokionez. Eta, horregatik, saiatuko gara gutun honen bitartez azaltzen zergatik gure agerraldia ez dagoen inor iraintzeko egina.
Hasteko, ezinbestekoa da gure agerraldia zein testuingurutan gertatu den argitzea. Hezkuntzaren Lege-proiektu berria EAEko Legebiltzarrean izapidetzen ari dira eta, beraz, une kritikoa da datozen hamarkadetan gure gizartea eraiki eta bere balio eta ezaugarriak definituko dituen hezkuntza eredua erabakitzeko. Zentzu honetan gure apustua argia da: sistemaren erdigunean kokatzen den hezkuntza publiko indartsu baten alde egiten dugu, gutun honetan azaltzea ez dagokigun arrazoi askorengatik.
Hezkuntzaren Lege-proiektuak itunduen egoera nabarmen hobetzen du eta, ondorioz, baina ez horregatik bakarrik, eskola publikoarena ahultzen. Itunduak indartzen dituen lege-proiektu honek, hasieratik, alderdi politikoen babes oso zabala jaso du, eta, ez dizugu ukatuko, horrek frustrazio handia eragin du eskola publikoan sinesten dugunongan. Are handiagoa, lege hau babesten duten alderdi berberak direnean esaten digutenak eskola publikoaren interesen alde jardungo dutela. Aporia irensteko zaila inondik ere. Edo oximorona, otsoa artzain (erreferentzia lokala erabiliz). Hilabete luzeak pasa ditugu gauza bat esan eta kontrakoa egiten dutela ikusiz, eskola publikoaren ahotsa alderdi politikoetan inon ordezkaturik ez dagoela onartzen. Eta aukera eman digutenean gure iritzia azaltzeko, ba, noski, joan gara Gasteizko Legebiltzarrera eta azaldu dugu. Guri dagokigunez, bertan zeudenei errespeturik galdu gabe, baina hizkuntzak eskaintzen dizkigun hitz eta erregistro guztiak baliatuz saiatu gara gure ustez zentzurik ez daukan errealitate baten argazki (edo karikatura) egiten.
Aitortzen dizugu zure ondorio nagusiaren zati batekin konforme gaudela: Legebiltzarreko agerraldian “gure gabezia guztiak azalarazi” genituen. Horretara joan ginen, biluztera, agerian jartzera lege-proiektuak mantendu nahi duen joko-zelai absurdoan berdintasunez lehiatzeko, publikoak legearen eta administrazioaren babes handiagoa behar duela. Ezin daitekeela publikoa ardatz izan ez badira azpiegituretan inbertsio handiak egiten, zerbitzuak hobetzeko aukerak zabaltzen, eta, batez ere, ez badago administrazio ezberdinetako arduradunen aldetik beren jabetzakoa den eskola bakarraren aldeko apustu argia egiteko borondaterik. Gure arazoa ez dira Urola Kostaldeko beste ikastetxeak, gure arazoa Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen mahaiaren inguruan eserita zeuden ordezkari politikoak dira. Eta bai, joan ginen esatera, hau guztia horrela izanda ere, eskola publikoaz harro gaudela, zailtasunak zailtasun eta bizikleta herdoilduekin bada ere, egunero gure ikasgela eta bulegoetan egiten den lanaz oso harro gaudela.
Eta amaitzeko, guk ere proposamen konkretua egin genuen Legebiltzarrean bertan: zubiak eraikitzekoa. Hain justu, benetan sinesten dugulako elkartzen gaituena gehiago dela banatzen gaituena baino. Herri mailako hezkuntza mahaia sortzea eta eztabaida hauek mahai beraren inguruan egiteko deia luzatu genien Udalei. Honez gain, testuinguru demografiko zail honetan, zein eskolak aurrera egin eta zein bazterrean geratu, elkarren arteko lehia zentzugabean erabaki beharrean, denek ontzi berean eta elkarrekin aurrera egiteko proposamena ere egin genuen: eskualdeko eskola itunduen borondatezko publifikatze-prozesu bat abian jartzea. Eta, legebiltzarkideek egin zizkiguten iruzkinei emandako erantzunetan, eskatu genien, “eskuzabaltasunez” joka zezatela eskola itunduekin eta bertako langileekin. Are, hemendik 30 urtera irudikatu genien alegiazko etorkizunean egungo eskolak aipatu genituen, baina jabetza publikokoak denak.
Bien bitartean lege-proiektua, proiektu deino, borrokan jarraituko dugu, hau onartzeko ardura duten legebiltzarkide eta alderdi politikoek bere edukia irauli dezaten. Ez dugu etsiko, ez gara isilduko, hezkuntzak duen indar eraldatzailean sinesten dugulako, eta gure etorkizuneko euskal gizartearentzat beste hezkuntza eredu bat nahi dugulako.