Arroabean murgildu dira aurtengo karmenetan. Atzo, eguerdian eta bazkalondoan jubilatuentzat izan zen gozamena, eta arratsaldean piztu zuten festa kalean. Hasteko, dantza eskoletan ibiltzen diren herriko haurrek ikasturte amaierako emanaldia egin zuten etxekoen, lagunen eta auzokideen aurrean.
Jaietarako plazan jarritako tranpaldoan ikuskizuna bukatu eta atseden tarte labur baten ondoren, eskola berriaren ataritik abiatu zen Karmentxuren etorrerako kalejira. Trikitilarien eta pandero jotzaileen doinuek lagunduta ibili zuten alderik alde jaietako ikurra den panpina, buruhandiak haiek xaxatzeko pronto zeudenen atzetik zebiltzan bitartean.
Jaietako txosnan amaitu zuten kalejira, eta txosnaren ondoan altxatu zuten Karmentxu, aurtengo festak handik begira ditzan.
Gaur, Karmen jaien bigarren jardunaldian, umeen jolasak eta bazkaria eta herri afaria izango dituzte Arroabean. Hau da gaurko eta asteburuko egitaraua:
Gaur, ostirala
- 11:00. Umeen jolasak.
- 13:00. Umeen bazkaria.
- 15:30. Puzgarriak.
- Ondoren, apar festa eta txokolatada.
- 18:30. Distopia elektrotxaranga.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:00. Kontzertuak: Iratzar eta Elepunto DJa.
Bihar, larunbata
- 10:00. Kuadrillen arteko paella lehiaketa.
- 14:00. Kuadrillen bazkaria.
- 18:00. Hamarru elektrotxaranga.
- 23:00. Kontzertuak: Manitu, Gora Etorri eta Bull DJa.
Etzi, igandea
- 07:00. Karroza.
- 12:30. Meza.
- 12:30. Umeentzako herri kirolak.
- 17:30. Herri kirolak. Harri jasotzaileak: Udane Ostolaza, Karmele Gisasola, Jokin Eizmendi eta Imanol Royo Lartain. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Esataria: Joxe Angel Sarasola.
- 19:00. Izer eta Alabier.
- 00:00. Karmentxuren agurra.