"Probatu beharreko esperientzia"

Onintza Lete Arrieta 2023ko uztailaren 24a

Euskarabanturako gazteak, Getariara iristen atzo arratsaldean. (Euskarabentura)

Hilabetez, Euskal Herria zeharkatzen dute Euskarabenturan dabiltzan gazteek, euskaraz, bertako historian eta kulturan sakonduz. Nagore Arakistain zumairra da gazte horietako bat.

"Zumaiara itzuli eta zer egingo dudan? Lagunekin egon, hondartzara joan, jan eta lo egin". Ekintza sinpleak, ohikoak dira, baina asko baloratzen direnak horien falta edo murrizketa dagoenean. Uztailak 21 ditu, eta ostirala da. Lapurdin, Baiona eta Urduña arteko bidea oinez egina dute Euskarabenturakoek bezperan, eta deskantsu egunean hitz egin du Urola Kostako Hitzak Nagore Arakistain (Zumaia, 2006) gazte zumaiarrarekin. "Oso pozik" dago bizitzen ari den esperientziarekin, baina nekatuta ere bai, "hilabetea luzea delako eta oinez kilometro asko egiten delako". Euskal Herri mailako egitasmoa da Euskarabentura: helburua, jatorri anitzetako euskaldun gazteak elkartu eta euskaraz, herrialdea zeharkatzea hilabetez, bertako kulturan eta historian sakondu bitartean. Kirola egiteaz gain, askotariko hitzaldi, bisita eta aisialdi ekintza bizitzen dituzte ibilaldiak irauten dituen 31 egunetan.

Nagore Arakistain zumaiarra, Euskarabenturan. (Euskarabentura)

Elkarrizketaren unean Arakistainek ez zekien handik bi egunetara, atzo, igandea, Donostiatik Getariara iritsi –eskualdeko geldialdi bakarra– eta kontzertu sorpresa izango zutela hondartzan gauean: Zumaiako Eire bikotearen emanaldia. Aurrez, Izaro Lestayo arrauneko patroi getariarraren hitzaldiaz ere gozatu zuten. Kiroldegian lo egin, eta Bizkairantz jarraitu dute bidea gaur, eguraldi kaskarrari aurre eginez. Getxon amaituko dute bidaia, hil amaieran, eta oraindik hainbat kilometro eta abentura dituzte aurretik.

Euskarabenturakoak, atzo, Getariara bidean. Aurrean, San Anton mendia. (Euskarabentura)

Nekeak neke eta zailtasunak zailtasun, Arakistainek argi du "probatu beharreko esperientzia" dela, eta berak inguruko guztiei gomendatuko diela bizitzea. "Neuk ere errepikatu nahiko nuke, baina parte hartzaile bezala ezin denez, ea sherpa gisa bueltatu naitekeen; nahiko nuke", kontatu du. Gurasoen bitartez izan zuen egitasmoaren berri; «irratian entzun zuten, animatu egin ninduten, eta hemen nago", azaldu du. "Aberasgarriena, zalantzarik gabe, Euskarabenturan ezagututako jendea" izan dela nabarmendu du zumaiarrak. "Bakarrik etorri nintzen, eta lagun pila egin dut; ordu asko pasatzen dugu elkarrekin, eta nahitaez egiten dira lagunak".

"Euskalki guztiekin ondo"

"Euskal Herriko txoko txiki ugari" ari dira ezagutzen aste hauetan, eta euskal kulturaz eta historiaz asko ari dira ikasten. "Aurrekoan, esaterako, Ataunen izan ginen, eta [Joxe Migel] Barandiaranen historia ezagutu genuen; hitzaldi asko izaten ditugu, eta asko-asko ikasten ari gara". Hori bai, apunterik ez dira hartzen ari, "dena buruan gelditzen da", esan du umoretsu.

Hizkuntzari dagokionez, "euskalki guztiak" presente daude Euskarabenturan. Hain zuzen, arlo horrek eman dio ezusteko handiena orain arte: "Ez nuen uste, baina euskalki guztietako jendearekin ondo komunikatzeko gai naizela konturatu naiz, eta asko harritu nau horrek", esan du Arakistainek, pozarren. Nork jakin, azken sei egun hauetan, beste zenbat ezusteko, bizipen, erronka eta poz biziko dituzten zumaiarrak eta bere lagun berriek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide