Giro ederrarekin eta ohiturei jarraituz ospatu dute San Lorentzo eguna San Lorenten

Maialen Etxaniz 2023ko abuztuaren 10a

San Lorentzo eguna ospatu dute gaur goizean San Lorenteko ermitaren bueltan. Mezaren ondoren, pintxoak, bertsolariak eta haurrentzako poniak izan dira bertaratu direnen gozagarri. Zestoako eta Zumaiako adin guztietako herritarren bilgune izan da gaur San Lorente. 

Gaur, abuztuak 10, San Lorentzo eguna da, eta urtero bezala, festak ospatu dituzte San Lorente auzoan. Asko izan dira San Lorenteko ermitara bertaratu direnak: batzuk oinez igo dira Zumaiatik, eta beste asko autoz igo dira Zestoa eta Zumaia artean dagoen auzora. Eguraldi ederra eta giro zoragarria izan dira goizean goizetik, eta adin guztietako herritarren elkargune izan da San Lorente. Urteroko ohiturak mantenduta ospatu dute San Lorentzoren omenezko jaia, eta 11:00etan meza egin dute, auzotarren alde. Ondoren, suziria botata, jan-edanerako tartea izan dute bertaratu direnek, pintxoak eta edariak eskaini baitituzte auzotarrek.

Haurrek ere izan dute zer egina eta zertaz gozatua. Lopene ganadutegiaren eskutik, ponian ibiltzeko aukera izan dute txikienek, eta gogotik gozatu dute animaliekin. Aurten, animalien babeserako ezarri duten legea tarteko, ezin izan dituzte zezen txikiak atera. Goiz-eguerdia borobiltzeko bertsotan aritu dira Joxe Mari Iriondo Akulu eta Danel Olano bertsolariak 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide