Ihesaldi bat, topikoez harago

Intza Trula 2023ko irailaren 8a

'Negu hurbilak' filmeko irudi bat. (Maluta Films/Cornelius Films)

Locarnoko Zinemaldian epaimahaiaren aipamen berezia jaso du Negu hurbilak filmak. Ekain Albite zumaiarra eta Mikel Ibarguren zestoarra dira zuzendarietako bi.

"Euskara ez da muga horrelako istorio bat kontatzeko, urrutiago iristeko tresna baizik". Hala azaldu du Ekain Albitek. Negu hurbilak filmaren zuzendarietako bat da hura. Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko istorio bat kontatzen du Negu kolektiboak berriki Suitzako Locarnoko Zinemaldian estreinatu duen filmak, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso du lanak han, Cineasti del Presente sailean lehiatu ondoren.

Negu kolektiboa Ekain Albite zumaiarrak eta Mikel Ibarguren zestoarrak ez ezik, Nicolau Mallofre eta Adria Roca zuzendariek ere osatzen dute. Maluta Films eta Cornelius Films dira filmaren ekoizleak.

Gradua amaitzeko egin beharreko lan batetik jaio zen Negu hurbilak proiektua, eta pare bat urtez etxekoekin partekatu ondoren, 700 pertsona inguru bildu zituen areto batean estreinatu zuten filma pasa den abuztuan. Albitek aitortu du "zalantza apur bat" egin zutela hasieran "horrelako istorio partikularra" nazioarteko eremuan aurkeztearen inguruan. Bada, filma estreinatu bezain laster uxatu zitzaizkien zalantza guztiak: "Oso ondo jaso eta ulertu zuten denek. Hemendik kanpo, agian, ez dago gaiaren inguruan aurreiritzi asko, eta horrek ere lagundu du jendeak istorioa bere horretan ikusten eta ulertzen", aipatu du zuzendariak.

ETAk 2011n jarduera armatua betirako utziko zuela jakinarazi zuen garaian kokatzen da istorioa, eta Albitek azaldu duenez, ikuspegi "humanista" eman nahi izan diote gaiari. "Emakume gazte baten ihesaldiaz eta ihesean dabiltzan horiek esplotatzen dituen jendeari buruz" hitz egiten du lanak, eta, horrez gain, gaiari ikuspegi ezberdina emateko asmotan, "topiko zinematografiko eta etikoetatik haratago doan film bat" sortu dutela iritzi dio zumaiarrak.

Film isila da Negu hurbilak, esaldi askorik gabekoa, eta "itxaroteak pertsona bat zer puntutara arte eraman dezakeen" transmititzea izan da sortzaileen nahia. Halaber, Albitek aipatu du "itxarote horren bitartez beste leku batzuetara iritsi eta beste gai batzuen inguruan hausnartzeko ateak ireki" nahi izan dituztela.

Proiektuak unibertsitatean du sorburua; film labur modura hasi ziren lantzen egitasmoa. Hori dela eta, ikus-entzunezkoaren zatirik handiena autofinantzatua izan da, eta Albiteren iritziz, horrek zerbait ezberdina egiteko aukera eman dio taldeari: "Askatasun handia eman digu sortzeko orduan; zerbait berezia eta arraroa egiteko aukera gehiago eman digu".

Zubieta, "altxorra"

Zubietan (Nafarroa) grabatu dute film osoa, eta horrez gainera, bertako herritarrak izan dira aktoreak, Jone Laspiur aktore protagonistarekin batera.

Mugako herri baten bila zebiltzan sortzaileak, eta Zubietara iritsi bezain laster, "zerbait berezia" sentitu zuten taldekideek; berehala jakin zuten grabaketa lanak bertan egin behar zituztela, zuzendariak azaldu duen moduan.

Grabaketa lanak hasi aurretik herria eta bertakoak ezagutzeko aukera izan zuten Negu kolektiboko kideek zein Laspiurrek. Herritarren istorioak eta kontakizunak entzun zituzten, eta bertan integratzen joan ziren pixkanaka, familia bat osatu arte: "Sekulakoa izan da, gure altxorrik handienetako bat bilakatu da Zubieta, filmeko gauzarik garrantzitsuena. Oso jende berezia ezagutu dugu bidaia honetan".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide