Ingeles teknikoa jorratzeko ikastaroa antolatu du UKUEk

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 27a, 15:45

Informazio eta teknologia esparruko profesionalei zuzenduta dago ingeles ikastaroa. 60 ordukoa izango da, eta diruz lagunduta dago %100. 

Gaur egungo Urola Kostako enpresetan, euskaraz eta gaztelaniaz gain, ingelesa gero eta gehiago erabiltzen dela  baieztatu du Urola Kostako Udal Elkarteak: hornitzaileekin harremanak sustatzeko, bezeroen gogobetetzea areagotzeko… Hori dela eta, ingelesa ikasteko online ikastaroa antolatu du UKUEk informazio eta teknologia esparruko profesionalei zuzenduta, "bakoitzaren ingurune teknologikoetan modu eraginkorrean komunikatzeko" helburuarekin.  Gainera, parte hartzen duten enpresei euren lantokietan hizkuntzen kudeaketaren azterketa egiteko aukera ere eskainiko du.

Ikastaroak English for IT du izena eta parte hartzaileak lan-ingurunean beharrezkoa duten ingeles teknikoan gaitzea du helburu. Horretarako, entzumenean, idazketan eta hizkuntzaren erabileran sakonduko du ikastaroak. 60 ordukoa izango da, eta diruz lagunduta dago %100. Urriaren 19tik azaroaren 23a bitarte luzatuko da ikastaroa, baina parte- hartzaileek urtebeteko epea izango dute ikastaroaren edukietara sartzeko, e-learning plataformaren bitartez. Horrez gain 4 hilabeteko tutoretza ere izango dute zalantzak argitzeko.

Parte-hartu ahal izateko urriaren 2ra bitartean izena eman dezakete IT sektoreko profesionalek lotura honetan. Parte hartzeko, ordea, ezinbestekoa da gutxienez ingeleseko B1 mailaren ziurtagiria izatea eta ikastaroa aprobetxatzeko konpromisoa adieraztea. 

Taldea 11 lagunekoa izango da, eta jende gehiagok parte hartu mahiko balu honako irizpideak kontutan izango dituzte antolatzaileek aukeraketa egiterakoan: enpresa ezberdineko parte hartzaileak izatea; eskualdeko udalerri ezberdinetan kokatutako enpresetako langileak izatea; emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izatea, eta izena emateko hurrenkera

Izena emateko epea amaitzean, parte hartzaileek mezu elektroniko bat jasoko dute plaza baieztatzeko, sarbidearen datuekin batera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide