Gipuzkoako hainbat herritarren ekimenez, Eibar eta Zumaia arteko tren zerbitzua hobetzeko eskatzeko kanpaina hasi zuten orain dela urtebete inguru. Alegia, Zumaia eta Eibar arteko zatian tren zerbitzua astean zehar ordubetean behin izan beharrean, ordu erdiro izateko eskatzeko mobilizatzen hasi ziren. "Gure eskaera gutxienekoa da. Gure iritziz, egunerokoan ezinbestekoak diren ordu tarteak indartu beharko lirateke behintzat, hau da, puntako orduak: goizez, 07:00etatik 09:00etara bitartekoak; eguerdian, 13:00etatik 16:00etara bitartekoak; eta iluntzean, 19:00etatik 21:00etara artekoak". Hala azaldu dute Euskotren 30 Minutuero herri ekimeneko Arroabeko Miriam Aizpuruk, Debako Nerea Agirianok eta Inge Ugaldek eta Mutrikuko Amaia Aperribaik.
Helburu hori oinarri hartuta, Urola Kostako, Urola Erdiko eta Debabarrenako herritarren eta erakundeen babesa biltzen hasi ziren herri ekimenekoak. Hala, iazko urtearen bukaeran, sinadurak bildu zituzten Zestoan, Arroabean, Zumaian, Deban, Mutrikun, Mendaron, Altzolan, Elgoibarren nahiz Eibarren. Guztira, 5.676 sinadura batu zituzten. Erakundeen aldetik, berriz, Zestoako eta Zumaiako udalen eta Debegasa Debabarreneko udal elkartearen babesa jaso zuten. "Sinatzera animatu ziren askok, gainera, adierazi ziguten egun guztian zehar, baita asteburuetan ere, tren zerbitzuaren maiztasuna ugaritzeko eskatu beharko genukeela", adierazi dute.
Gaur egun, Zumaia eta Donostia artean eta Eibar eta Bilbo artean (egunaren zati handi batean Elgoibar artean) tren zerbitzua ordu erdirokoa da. Zumaia eta Elgoibar artean, ordea, tren zerbitzua ordubetean behingoa da bi noranzkoetan. Euskotren 30 Minutuero herri ekimenekoen arabera, trenaren ordubeteko maiztasunak herritar askoren eguneroko beharrei ez die erantzuten, hala nola langileei edota ikasleei. "Herriotan ditugun autobus zerbitzuak ere trenaren ordutegi berdintsuetan ditugu. Ondorioz, herritar askok denbora galtzen dugu edota autoa hartu behar izaten dugu lanera joateko", adierazi dute.
Onura ugari
Trena jende askok hartzen duela diote, eta zerbitzuaren maiztasuna handituta onurak askotarikoak izango liratekeela uste dute. "Izugarria da trenez dabilen jende kopurua, are gehiago txartelaren prezioa jaitsi eta erregaien prezioa igo denetik. Gainera, ziur gaude maiztasuna handituta askoz ere pertsona gehiagok erabiliko luketela trena. Izan ere, askotan lan eta eskola ordutegiak ez datoz bat trenaren ordutegiarekin, eta ordubete zain egon beharrak autoa hartzera bultzatzen du jendea". Ildo horretan, Zumaia eta Elgoibar artean tren zerbitzuaren maiztasuna handitzeak, besteak beste, "ingurumena zaintzen, garraio publikoa indartzen, isurketak murrizten eta herritarren ongizatea hobetzen" lagunduko lukeela uste dute.
Egiteko horiek administrazio publikoaren ardurak direla iritzita, bildutako babesarekin Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailera jo zuten herri ekimeneko kideek. Ekainaren 2an jo zuten Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailera Zumaia eta Eibar arteko zatian trenen maiztasuna ordu erdian behingoa izateko eskatuz. Eta egun gutxi barru, ekainaren 15ean, Jaurlaritzaren erantzuna jaso zuten, bakar-bakarrik esanez Jaurlaritzak Euskotreni helarazi ziola Euskotren 30 Minutuero herri ekimenaren eskaria. "Nahiz eta tren zerbitzuaren eskumena Jaurlaritzarena izan, Euskotreni helarazi zioten eskaera", diote harrituta herri ekimenekoek.
Behin Jaurlaritzaren erantzuna jasotakoan, ekainaren 19an, beren eskaera Euskotreni bidali zioten herri ekimeneko kideek. Oraindik, ordea, Euskotrenen aldetik ez dute inolako erantzunik jaso. "Gutxien-gutxienik uste dugu erakunde batek jasotako eskaerei erantzun egin beharko liekeela. Guk, ordea, Euskotrenen aldetik ez dugu ezertxo ere jaso; eskatutakoa posible den, ez den posible, aztertuko duen ala ez... Isiltasuna da orain arte daukaguna, eta horrek zer esan nahi duen ez dakigu", diote.
Berriro Jaurlaritzan
Euskotren 30 Minutuero herri ekimenaren eskaera bere horretan ez zen gelditu, ordea. Izan ere, joan den asteartean, EH Bilduren talde parlamentarioaren izenean, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak eta bozeramaileak eskaera egin zuen Donostia eta Elgoibar arteko tren zerbitzua hobetzeko legez besteko proposamena Lurralde plangintza, Etxebizitza eta Garraio batzordean eztaibaidatzeko.
EH Bilduko ordezkariak Legebiltzarreko Mahaian egindako agerraldian Euskotren 30 Minutuero herri ekimenaren eskaeraz hitz egin zuen, eta Euskotrenek Gipuzkoako kostaldean duen tren zerbitzua hobetzeko legez besteko proposamena egin zuen, besteak beste. Fernandez de Betoñok bere hitzartzean aipatu zuen Donostia eta Deba artean tren zerbitzuaren maiztasuna "egun batetik bestera" handitu daitekeela gaur egun ere, "horretarako baliabideak jarriz gero". Fernandez de Betoñok esandakoari lotuta, herri ekimeneko kideek gogorarazi dute hondartza sasoian Eibar eta Deba artean tren zerbitzuaren maiztasuna handitu egiten dutela. "Uda garaian Eibar eta Deba artean tren zerbitzuaren maiztasuna handitu egiten dute, jendea hondartzara joan dadin. Beraz, posible da kopurua handitzea, eta guk eskatzen duguna da urteko gainontzeko egunetan ere zerbitzua hobetzea".
Euskotrenen izenean oraindik erantzunik jaso gabe, baina beren eskaeraren alde egiten segitzeko asmoarekin jarraitzen dute Euskotren 30 Minutuero herri ekimenekoek: "Guztion artean garraio publikoa hobetzeko ahaleginean segituko dugu".
Joxe Eizagirre, Arroabekoa: "Trena ordu erdiro izanez gero, gustura joango nintzake trenez lanera"
"Arroabean bizi naiz, eta Mendaron lan egiten dut. Lanera gustura joango nintzateke trenean, baina goizean trenez joanda, 40 minutu zain egon behar dut lanera sartzeko, eta lanetik irten eta etxerakoan, berriz, ordubete. Arroabetik lantokira hogei bat minutu daude, eta hainbeste denbora trenaren zain egotea ez datorkit ondo, eta horregatik, autoa hartzen dut. Trena ordu erdiro jarriz gero, askoz jende gehiago ibiliko ginateke trenean eta gutxiago autoan".
Itxasne Etxeberria, Debarra Zarautzen lanean: "Debatik Zarautzera ordu erdiro trena izango banu, ez nuke autorik hartuko"
"Deban bizi naiz, eta bost urte baino gehiago daramatzat Zarautzen lanean. Ordutegi aldetik lana eta familia kontziliatu ahal izateko, autoz joaten naiz Debatik Zumaiara, han tren geltoki ondoan aparkatzen dut autoa, eta trena hartzen dut Zarautzera joateko. Izan ere, Zumaiatik Donostia aldera ordu erdiro daude trenak. Debatik Zarautzera artean trena ordu erdiro izango bagenu, ez nuke autorik hartuko, eta ez nuke arazorik izango ordutegi aldetik familia eta lana uztartzeko".
Enara Iriondo, Elgoibarko Mekan irakaslea: "Ikasleek trenaren zain denbora asko egon behar izaten dute"
"Elgoibarko Meka lanbide heziketa zentroan irakaslea naiz. Eskolak 14:40an bukatzen ditugu, eta Mendaroko, Debako nahiz Zarauzko ikasleek itxaron egin behar izaten dute 15:25eko trena hartu ahal izateko egunero. Trena ordu erdiro izanda, ez lukete hainbeste zain egon beharrik".