Behera botatzear ziren herri zahar batean. Hari zutik eutsi nahi zioten lagunek antolatua. Herriaren patu bera jasango zutelakoan, artistek elkartasunez emandako artelanez osatua. Argindarra etenda zuen XIII. mendeko eliza batean. Itxiera datarik gabea. Ezohikoa zen egoera, eta, ezinbestean, ohiz kanpokoa izan zen Artozkin (Nafarroa) duela hogei urte ikusgai egon zen erakusketa ere.
Herria Itoizko urtegitik defendatzeko antolatu zen erakusketa hura, 2003an, Artezki izenburupean. Gero, makinek etxeak suntsitu, eta galdu egin zen artelanen arrastoa. Berriki, ordea, horietako batzuk «modu anonimoan» helarazi dizkietela jakinarazi dute Itoitzekiko Solidarioek, eta Iruñean izan dira ikusgai —aurki Agoitzen jarriko dituzte—.
Horrek oroipenak bizitu dizkie bertan izan ziren artistei. Gehiago edo gutxiago, gehienek zuten gogoan erakusketa. Baina bihurriak dira oroitzapenak; bizipen batzuk segituan geratzen dira ahanzturan, eta bizi-bizi eusten die memoriak beste batzuei. Denbora igaro ahala, gainera, dena doa lanbrotzen, lausotzen, eta akorduan zen hura hala izan zen ere ez da ziur jakiten. Hogei urte ez dira alferrik pasatu, eta lainopean bezala gogoratzen dute erakusketa hura sortzaile gehienek
Urak zeharkatutako lanak
Erakusketa hura ez dauka ahaztuta Barbara Stammelek(Socking, Alemania, 1960). Margolariak 1994an aukeratu zuen Euskal Herria bizitzeko eta sortzeko leku gisa, eta Getarian (Gipuzkoa) bizi da ordutik. Bertako garaje batean jarri zuen tailerra aurrena, eta, geroago, Zumaiako (Gipuzkoa) Zelai Azpi estudioan aritu zen Ander Hormazuri, Aran Santamaria eta Txiki Agirre Keixeta sortzaileekin. "Haiek izan zuten Itoizko istorioaren berri", oroitu du Stammelek. "Elizan erakusketa bat jarri, eta urpean geratuko zela, hori zen ideia; eta guri aldarrikapen polita iruditu zitzaigun".
Galduko ziren artelanak elkartasunez ematea, beraz, erakargarria egin zitzaien. Eta Stammelek ere egin nahi izan zuen bere ekarpena. Urarekin zerikusia zuen lan bat hautatu zuen. "Urte haietan igerilarien inguruan ari nintzen lanean, Dark Swimmers [Igerilari ilunak] seriean, ogia biltzeko paperezko zorroetan egina zegoena. 30 pieza inguru egin nituen zatar paperezko zakuetan". Igerilarien erretratuak pintatu zituen haietan, "profilez, aurrez aurre... denak bustoak», eta Zarautzen erakusketa bat ere egin zuen haiekin. "Horrelako bat eman nuen; igerilari baten bustoa, olio lan bat".
Artean ez zuen Itoizko urtegiaren auziaren berri, baina halako gaien gaineko sentsibilitatea bazuen. "Horrelako zerbait egitea, modu horretan, oso gogorra iruditzen zait". Ekarpena egin zuela bai, baina bere lana nola iritsi zen Artozkira ez du oroitzen. "Seguru aski tailerreko kideren batek eraman zituen, edo norbait etorri zen bila... Ez dakit, baina uste dut tailerrekook obra bana eman genuela". Gerora bai izan duela gogoan proiektua; parte hartu duen erakusketen zerrendan ere jarria du webgunean. "Noski, bai, gerora askotan komentatu izan dut elkarrizketetan-eta. Behin, adibidez, Lanzaroten [Kanariak, Espainia], kazetari batek galdetu zidan zein zen parte hartu nuen erakusketarik bitxiena, eta hura aipatu nuen". Bere obra ez da agertu. Artozkiko elizan, leiho biren artean, horma batetik zintzilik egon zen bere igerilaria.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian