Jordi Savallen kontzertura autobusean joan nahi dutenek gaur dute izena emateko azken eguna

Andrea Zipitria 2023ko aza. 8a, 12:00

Azaroaren 14an izango da kontzertua Kursaalen, eta bertara joateko doako autobus zerbitzua izango da. Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik igaroko da autobusa. Gaur da izena emateko azken eguna. Emanaldian, musikari kataluniarrak Le Concert Des Nations orkestra izango du lagun, eta bertan Els elements i les fúries proiektua aurkeztuko dute.

Jordi Savallek azaroaren 14an Kursaalen eskainiko duen kontzertura doako autobusean joateko aukera izango dute eskualdeko herritarrek. Hain justu ere, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Oriotik igaroko da autobusa. Interesdunek gaur izango dute autobuserako erreserba egiteko azken eguna. 

Horretarako, sarrera erosita izan beharko da aurrez eta Kursaaleko webgunean egin daiteke. Autobuserako erreserbak, berriz, tokian tokiko udalen bitartez egin beharko dira. Orioren kasuan, orioturismo@gmail.com posta elektronikoko helbidera idatzi daiteke edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deitu. Zarautzen, berriz, izen-ematea, 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta edo kultura@zarautz.org  helbide elektronikora idatzita egin behar da. Getarian, 943-14 09 57 telefono zenbakira deitu daiteke edo info@getariaturismoa.eus helbidera idatzi. Zumaian ere, bi aukera daude: 943-86 10 56 telefono bitartez edo alondegia@zumaia.eus

Zumaiatik abiatuko da autobusa. Zineko autobus geltokitik, 18:10ean. Ondoren, Getariatik igaroko da, 18:20 inguruan, autobus geltokitik zehazki. Zarautzen, Sanz Eneako autobus geltokian jarri dute hitzordua, 18:30ean. Orion egingo du ondoren, parada; 18:40ean autobus geltokian. Zerbitzua antolatu duen Kursaalak zehaztu du, eskaintza bertan behera utziko duela 15 pertsonako taldea osatzen ez bada, gutxienez.

Emanaldian, Jordi Savall biola-jotzaile eta orkestra-zuzendariak Le Concert Des Nations orkestra izango du lagun, eta bertan Els elements i les fúries proiektua aurkeztuko dute Kursaaleko oholtza gainean. 19:30ean hasiko da kontzertua.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide