Aurreko urteetan Txikitasunean Handi asteburuaren barruan egin ondoren, aurten bere egun propioa izango du Arroabeko artisauen eta baserritarren azokak. Datorren igandean, azaroak 19, egingo dute, 10:00etatik 14:00etara, eta 44 postu jarriko dituzte guztira.
Lehen sektoreko inguruko ekoizleen eta artisauen askotariko produktuak erosteko zein dastatzeko aukera izango da Ezkaizto auzo elkarteak Txara dendaren laguntzarekin antolatutako azokan. Azoka osatuko duten 44 postuak hiru gunetan banatuta egongo dira. San Isidro plazan hogei postu elkartuko dira; intxaurrak, eztia, esnekiak, barazkiak, bakailaoa, foie, txorizoa, ogia edota pastelak erosteko aukera izango da han. Artisauak, berriz, pilotalekuan elkartuko dira; bitxiak, zeramika zein egur lanak, ukenduak, xaboiak, oinetakoak, arropa edota bestelako eskulanak egiten dituzten artisauek han erakutsi eta salduko dituzte beren produktuak. Joxe Migelen plaza izango da azokako beste gunea, eta han produktuak erosteko zein dastatzeko aukera izango dute azokara joaten direnek; taloak jateko, eta txakolina, sagardoa, ardoa edo likoreak, edateko.
Aurreko aldietan bezala, azokara joateko asmoa dutenek ahal dela garraio publikoa –trena edo autobusa– erabiltzea eskatu dute antolatzaileek. Bestelako ibilgailuetan joango direnei, berriz, ibilgailuak herrigunetik bost minutura dagoen Sansinenea industrialdean aparkatzeko gomendatu diete.