Uztailaz geroztik, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria zara. Hilabete batzuk igaro dira kargua hartu zenuenetik. Nola joan dira lehen hilabete horiek?
Egia esan, gustura nago. Uztailaren 26an hautatu ninduten lehendakari eta abuztu hasieran hasi nintzen bertan lanean, ordura arte beste lan bat bainuen. Hasieran, opor garaia zela eta, jende askorik ez zegoen, eta apur bat bakarrik eta galduta ekin nion. Baina guztiak berriro ere martxa hartu duenean, uste dut ari naizela poliki-poliki ikasten, gauza asko egiten direlako elkartean, eta, era berean, ildo bat hartzen ari gara EH Bilduk daukan ikuspegitik eraman beharko litzatekeen bezala bideratzeko mankomunitatea edota beste edozein instituzio.
Azken bi agintaldietan udal elkartea EAJren esku egon da. EH Bilduk zer helburu nagusi jarri ditu? Zeintzuk izango dira lehentasunak?
Lehentasunak zehazteko orduan ikusi behar da udal elkartea zertarako den orokorrean. Alde batetik, hondakinen bilketaz eta kudeaketaz arduratzen da, eta bestetik, garapen agentziaz. Bi esparru horiek indartzea da gure xedea, hondakinen bilketan eta kudeaketan hobekuntzak lortzeko, bai tasetan bai sisteman bertan, eta garapen agentzian, berriz, aukera berriak sortzeko bertakoei, lanpostu berriak sustatzeko eta eskualdeko jendeak eskualdean lan egiteko aukera izan dezan. Denbora aurrera doan heinean ikusiko dugu noraino iristen garen eta zer aldaketa egin ahal izango ditugun. Printzipioz, orokortasun horiek aurrera eraman nahi ditugu, eta, noski, euskara oinarri hartuta.
Aldeko 36 botorekin hautatu zintuzten; EAJk, berriz, 30 lortu zituen. Zifra horiek elkarlanera behartzen al zaituzte?
Zifrek ez gaituzte elkarlanera behartzen, gehiengo absolutua daukalako EH Bilduk. Horrek ez du esan nahi horretarako jarrerarik ez dugunik izango laguntza behar denean edo iritziak eskatzeko orduan. Oraintxe bertan, aurrekontu aldaketarekin ari gara, eta hilabete baten faltan badituzte gure proposamenak, baina haien proposamenak entzuteko eta horiek nola eraman aurrera aztertzeko prest nago. Printzipioz, gure asmoa da batera lan egitea. Gero, ikusiko dugu erantzunak onak diren ala ez eta haiek egiten dizkiguten proposamenei zer erantzun ematen diegun.
Aurrekontuak hizpide, nola doa gai hori?
Uste baino hobeto. Gehiengo absolutua dugunez, aurrekontuak talde barruan adosten baditugu, ez da arazorik izango aurrera ateratzeko. Zentzu horretan, ez da hain korapilatsua izango. Egia da aurrekontu handia dela udal elkartearena, hamar milioi euro pasakoa delako, eta Urtetako zabortegiko azken obra egin behar dela kontuan hartuko bagenu, hamabost milioira iritsiko litzateke. Beraz, udalerri batzuek duten aurrekontua baino handiagoa du.
Gure partetik, azterketa bat egin dugu azken urtea nolakoa izan den ikusteko. Egia da uztail bukaeran hasi nintzela eta denbora askorik ere ez dugula izan lantzeko. Kontua da jarraikortasuna eman nahi diegula aurrekontuei, egiten diren proiektuei. Adibidez, UKUEk ekintzaileei eta enpresa txikiei ematen zizkien diru laguntza batzuk kendu zituzten 2023an, eta horiek berreskuratu nahi ditugu. Inbertsioetarako atala digitalizaziora zegoen bideratuta gehienbat, baina orain ondorengotzan jarri nahi dugu jomuga. Baby boom belaunaldiko jendea jubilatzen ari da egun, eta haiek irekitako negozioek jarraipena izan beharko lukete herriak bizirik mantentzeko. Beraz, inbertsioak esparru horretara bideratzeko ideia dugu: jubilatzen den baten negozioa hartzen duen kide berri batek aldaketarik egin beharko balu, hark izango luke lehentasuna.
Urola Kostako Udal Elkartea aipatzen da, baina herritarrek ba al dakite zer den eta zer kudeatzen den bertatik?
Egia esan, ezjakintasuna dago mankomunitatearen jardunaren inguruan. Herritarrek badakite zaborraren bilketaz arduratzen garela, baina hortik aurrera, ezer gutxi. Hondakin bilketa Ingurumen sailari dagokio, eta aurrekontuko ia zazpi milioi euro zuzentzen dira bertatik. Azken finean, bailarako bost herritako [Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia] bilketa guztia udal elkartetik bideratzen da, Garbigunea daukagu, langileak eta hezitzaileak ditugu, eta kontzientziatzeko kanpainez gain, oro har, lanketa asko egiten dira. Bestalde, garapen agentzian enplegua sustatzen da, baita hobekuntzak lortu ere, ziurtagiri bidez, langileak profesionalagoak izateko beren lanpostuetan.
Langabezia ere hor dago. Zein da kolektibo zaurgarriena eskualdean?
Datuei dagokienez, langabezia nahiko baxua da Urola Kostan beste eremu batzuekin alderatuta. Kontuan izan behar da askok eskualdetik kanpo egiten dutela lan. Beraz, pixka bat distortsionatu egiten da hori, eskualdean bertan sortzen den lanpostu kopurua eta dagoen langabezia tasa ez baitatoz bat. Eboluzioa nolakoa izan den erakusten dute datuok: 2019an %7,20koa zen langabezia tasa, eta 2023an, %6,01ekoa. Zentzu horretan, hobekuntza egon da, baina kolektibo zaurgarriena emakumeek izaten jarraitzen dute, giza talde prekarioenek, alegia. Ditugun azken datuen arabera, gizonen langabezia tasa %4,7koa da, eta emakumeena, berriz, %7,7koa. Kopurua ez da bikoitza, baina handia da aldea. Beraz, lanketa sakona dugu egiteko esparru horretan.
Programa batzuk ere eskaini izan ditu udal elkarteak. Horiekin segitzeko asmoa al duzue?
Bai, langabezian dauden pertsonentzat programak eta ikastaroak antolatzen ditugu, jakintzak barnera ditzaten eta lan jakin batzuk egiteko aukera gehiago izan dezaten. Adibidez, emakumeen laneratzea indartzeko Ema+ programa daukagu. Bestalde, ostalaritza munduan dabilen jendeari formazioa emateko eta sektorea profesionalizatzeko proiektua jarri genuen abian Zarauzko Udalarekin, eta orain eskualde osora zabaldu nahi dugu.