Erlo Guka Telebistaren SD kanala, desagertzear

Erredakzioa 2024ko ots. 7a, 16:30

Erlo Guka Telebistak otsailaren 14an itzaliko du definizio estandarreko (SD) kanala, eta aurrerantzean bereizmen handian (HD) kanalean ikusi ahal izango da Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) telebista.

Erlo Guka Telebistaren definizio estandarreko (SD) kanala desagertzear da, eta Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) bereizmen handian (HD) eskainiko du soilik telebista. Indarrean dagoen legedian aurreikusitakoaren arabera, telebista guztiek beraien kanalak SDtik HDra migratu behar izan dituzte, tartean etxe honetako telebistak; izan ere, Erlo Guka Telebistak iazko urrian egokitu zuen telebista HDn ikusteko moduan.

Orain, SD kanalek irudiak eskaintzeari utzi behar diote, eta aurrerantzean HDn ikusi ahal izango dituzte ikus-entzuleek zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta albistegia. Erlo Guka Telebistak otsailaren 14an itzaliko du aipatutako kanala. Beraz, SD kanala ezingo da ikusi data horretatik aurrera, eta HDrekin bateragarria den Lurreko Telebista Digitaleko (LTD) telebista edo deskodegailua eduki beharko da HD kanala sintonizatu ahal izateko. Gauza bera gertatuko da gainerako telebista kate guztiekin; izan ere, otsailaren 14tik aurrera telebista kate guztiek itzali beharko dituzte beraien SD kanalak.

Sintonizatzea, nahitaezkoa

LTD bidez edo antenatik Erlo Guka Telebista HD kanalean ikusi nahi dutenek beharrezkoa izango dute katea sintonizatzea. UKTk bereizmen handiko katea sintonizatzera eta katea telebistaren mandoko aurreneko postuetan jartzera animatu nahi ditu ikus-entzuleak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide