Hainbat hilabetez sareetan edukiak partekatzen ibili ostean, gaur erakutsi dute jendaurrean Matx kirol-proiektua. Edukiez harago, gertuko kirolariak, kirolzaleak eta klubak batu nahi dituen egitasmoa da. Eta horren erakusle izan da Tabakaleran egindako agerraldi publikoa; izan ere, kiroleko eragile ugari elkartu ditu deialdiak. Proiektuko arduradunez gain, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak, Laboral Kutxako ordezkariak eta, besteak beste, lurraldeko federazio, klub eta kirolari ugari batu dira han.
Hiru ardatz nagusi
Guztiaren erdigunean aplikazio bat badago ere, Matx "hori baino askoz gehiago" izango dela esan dute arduradunek. Proiektua hiru zutabe nagusitan banatuko da: klubak, kirol-edukiak eta komunitatea. Joane Korta Tokikomeko proiektu-kudeatzailea, kirol-kluben garrantziaz mintzatu da: "Gertuko klubak oso garrantzitsuak dira guretzat, aplikazioa sortu eta berau garatzeko fasean ezinbestekoak izan baitira".
Besteak beste, digitalizazioan eta komunikazioan lagunduko die Matxek klubei, taldeetako datu baseak osatu, antolatu eta elkarren artean mezuak modu seguruan trukatzeko aukera eskainiko baitie. Era berean, kirol-datutegi indartsua ere izango da Matx. "Bakoitzaren interesen araberako emaitzak, partiden datak eta sailkapenak emango ditu une oro", gaineratu du Kortak.
Kirol-edukiak ere oso garrantzitsuak izango dira Matxen. Gertuko kirolean gertatzen denaren berri emango du, ikuspegi fresko eta berritzailearekin. Eduki guztiak formatu bertikalean eta mugikorrean kontsumitzeko modukoak izango dira, eta albisteak, elkarrizketak, desafioak eta kirol-agenda kontsultatzeko aukera eskainiko die erabiltzaileei.
Alde horretatik, hasieratik ikus-entzunezkoen aldeko apustu garbia egin dutela esan du Aratz Losada proiektuko eduki arduradunak: "Gazteak izango dira gure xede-talde nagusia. Merkatua eta kontsumo ohiturak ondo aztertu ostean, garbi izan dugu eduki bertikal eta dinamikoen aldeko apustua egin behar genuela". Horiek sortzeko, erredakzio propio bat osatu dute Tokikomeko Gipuzkoako hedabideekin. "Talde lanean ari gara eduki propioak sortzen, eta, era berean, hedabide bakoitzeko kirol-edukiak ere jasoko ditugu Matx-en", gaineratu du Losadak.
Taularatzen azkena proiektuko marketin eta komunikazio arduraduna izan da. Maria Balzategik Matxen komunitateaz hitz egin du, eta, bereziki, interakzioaz eta sare sozialen amuaz jardun du berbaldian. "Kirol-komunitate bat sortu nahi dugu. Kirolariek, klubek eta kirolzaleek, guztiek izango dute lekua aplikazioan. Euren artean komunikatu, argazkiak edo bideoak partekatu, albisteak sortu… Azken finean, interes antzekoak dituztenen arteko interakzioa bilatu nahi dugu", esan du hark.
Aplikazioa izango da proiektuaren erdigune eta bertan ikusi ahal izango dira eduki guztiak, baina sare sozialen erabilera ere estrategikoa izango da, Balzategik adierazi duenez: "Gure erdigunea aplikazioa da eta estrategia guztia bertara bideratuko dugu, baina jakitun gara sareek ere garrantzi handia dutela gaur egun; hori horrela, sareak amu moduan erabiliko ditugu".
Hedatzeko asmoa
Aurrez esan bezala, Tokikomeko Gipuzkoako bazkideen babesarekin abiatu da proiektua (Urolako Komunikazio Taldeak bat egin du), baina hura landu eta egonkortzearekin batera, gainontzeko bazkide eta lurraldeetara hedatzeko asmoa daukatela esan dute.
Sorburuan tokiko hedabideak egonik ere, Matxen atzean kirolariak eta kirolzaleak ere badaudela gaineratu nahi izan dute. Hiru urte hauetan aplikazioa garatzen lagundu duten klubak "oso garrantzitsuak" izan dira. Beraiekin batera landu dute proiektua, eta aurrerantzean ere hori da asmoa. "Eskutik joango gara zero kilometroko hedabideak eta tokian tokiko klubak", adierazi dute.
Agintariak eta klubak, pozik
Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendari den Estibaliz Alkortaren hitzetan, "Matx proiektuaren bidez kirola baliatu nahi izan dugu gazteen arteko euskararen erabilera sustatzeko tresna gisa. Benetako helburua gazteek euskara gozamenarekin eta bizipen positiboekin lotzea da".
Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak kirolak gizarteari egiten dion ekarpenari erreparatuz, gogorarazi du "pertsonen harremanak sortzeko, berdintasunaren eta aniztasunaren alde egiteko, euskaraz gozatzeko, elkarrekiko errespetua indartzeko, bizitza ohitura osasuntsuak eta ongizatea integrala sustatzeko" balio duela. "Gizarte kohesionatu eta aurreratu bat eraikitzeko tresna baliotsua da kirola eta Matxek izugarrizko potentziala du alor horretan ere. Izan ere, Gipuzkoan kirolaren inguruan mugitzen diren kirolari, guraso eta boluntarioak komunitate erreal bateko kide zarete. Teknologia berrien bidez harreman horiek indartzea bilatzen du Matxek eta hori oso garrantzitsua da Gipuzkoa komunitate gisa indartzen jarraitzeko".
Gaurko aurkezpenean Gipuzkoako kirol klubetako ordezkariak ere bidelagun izan dira, eta haiek ere harrera beroa egin diote aplikazioari. Azkoiti-Azpeitiko Iraurgi Saskibaloia klubeko Ibon Guridik nabarmendu du klub barneko zein kluben eta federazioen arteko "komunikazioa sendotzeko" balioko duela Matxek. "Horrelako iniziatibak positiboak dira kirol klubentzat, interesgarriak. Gu saiatuko gara gure teknikariak eta jokalariak Matx bidez lanean has daitezen". Halaber, komunitate hori sortzeak aplikazio konbentzionaletatik at jardutea "lagungarria" izango dela azpimarratu du Guridik.
Imanol Esnaola Tolosa CF Eskubaloi taldeko presidenteak, bestalde, "itxura oso ona" hartu dio proiektuari. "Formazio asko falta zaigu jasotzea, taldeetako kideen fitxak-eta tramitatzeak ez baitu erraza ematen. Dena den, proiektuak indarra hartzen badu, bolumen bat hartzen badu, hutsune bat beteko du, eta horrek aukera polita emango die klubei". Era berean, eskubaloiari lotutako guztia Matx kirol aplikazioan jasota izateak kluben arteko harremana sendotzeko bidean "erraztasunak" emango dizkiela adierazi du Esnaolak.
Aretxabaletako UDA kirol elkarteari ez zaio urrunekoa Matx proiektua; izan ere, proiektuaren 0 fasean parte hartu du kirol elkarteak. Agurtzane Elkoro presidentearentzat "bertute asko" ditu aplikazioak. "Federazio lizentzia asko izaten ditugu esku artean, eta arlo horretan euskara bultzatzeko egundoko esparrua izango da Matx. Kirola ez da elite mailan bakarrik egin beharreko kontua, egunerokoan egin beharreko zerbait da; kirola egitea osasuna da. Kirola, euskara eta osasuna batuko dituen erreminta teknologikoa izango da", gehitu du Elkorok.
Doako aplikazioa
Matx doako aplikazioa da. IOS eta Android plataformetan bilatu, deskargatu eta erregistratu besterik ez da egin behar erabiltzen hasteko.
Tokikom euskarazko hedabideen sareak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak elkarlanean pentsatu eta landu dute egitasmoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Gipuzkoako futbol eta eskubaloi federazioen babesa izan du.
Ikusi aurkezpen ekitaldiko argazki guztiak, hemen.