Itziar Eizagirre: "Emakumeek beti egin dute lan txakolindegian"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta - Gorka Eizagirre 2024ko mar. 8a, 12:00

Itziar Eizagirre (Zarautz, 1976) Talai Berri txakolindegiko arduradunak Getariako Txakolina jatorri izeneko presidente kargua hartu zuen urtarrilean, eta orain arteko bideaz hitz egin du.

Duela hilabete gutxi hartu zenuen Getariako Txakolina jatorri izeneko presidente kargua. Nolakoak izan dira lehen hilabeteak?

Egia esanda, hasiera nahiko intentsoa izan da, ekitaldi asko izan baititugu.

Aspalditik ezagutzen duzu sektorea, txakolingile familia delako zurea. Orain, presidente karguan zaudenetik, aldatu al da batere lehendik zenuen ikuspegia?

Oraindik goiz da aldaketak antzemateko. Hamar urte daramatzat jatorri izenaren batzorde arautzailean, baina urtarrilean hartu nuen presidente kargua. Bi hilabete eskasean ez dit denborarik eman xehetasun guztiak ikusteko.

Zein da sektorearen egoera? Nolakoa da txakolindegien izaera?

Jatorri izenaren barruan biltzen diren txakolindegi guztiak dira upategi txikiak eta familia artekoak, belaunaldiz belaunaldi pasatu direnak. Ez dago txakolindegi handirik, ardoa egiteko fabrikarik, alegia.  

Eta testuinguru horretan, zein dira erronkak? Guztiok al dituzue helburu berak?

Upategi batzuk handiagoak eta besteak txikiagoak dira, baina guztiek egitura antzekoa dute. Horregatik, erronkak ere partekatzen ditugu. Batez ere, eskulana bilatzea ari zaigu kostatzen gehien. Neguan, inausketa garaian, eta udazkenaren hasieran, mahatsa biltzeko garaian, jendea kontratatu nahi izaten dugu, baina eskulanik ez dago.

Zure aurretik izan diren jatorri izeneko presidenteek ematen zioten garrantzia txakolina Euskal Herriko mugetatik kanpo ezagutarazteari eta saltzeari. Hori ere erronka al da?

Bai, eta horretarako nazioarteko hainbat azokatan parte hartzen dugu, kanpoko merkatua ezagutzeko eta zer eskatzen duten ikusteko. Izan ere, gure helburua bada merkatu horietara iristea.

Ez da erraza izango munduan dagoen ardo eskaintzarekin zuena ezagutaraztea, ezta?

Ez horixe. Getariako Txakolina jatorri izenak lau milioi botila ekoizten ditu gutxi gorabehera txakolindegi guztien artean, eta Errioxako upategi koskor batek ekoizten du gure kopuru bera. Jatorri izendapen oso txikia da gurea, eta hori munduan zehar ezagutaraztea oso zaila da. Hala ere, euskal herritarrok asko bidaiatzen dugu, eta joaten garen tokian txakolina eskatzeko ohitura dugu. Horregatik, Ameriketan, Japonian eta munduko beste hainbat herrialdetan ezagutzen dute, eta jende asko etortzen zaigu txakolin eske. Ez dakite zehazki zer den, baina badakite ohiko ardo txuri bat ez dela, edari bereziagoa dela.

Getariako Txakolina nazioartean ezagutarazteko sinergiak aprobetxatzen al dituzue guztion artean aurrera egiteko?

Normalean, kanpoko merkatuetan gure produktua ezagutarazi nahi dugunean, elkarrekin joaten gara, bestela oso garestia ateratzen zaigulako horrelako irteerak egitea. Bakoitzak baditu bere bezeroak, baina Getariako Txakolina guztiok elkarrekin aurkezten dugu.

Presidente kargura bueltatuz. Zu izango zara Getariako Txakolina jatorri izeneko lehenengo emakume presidentea. Ohorea al da zuretzat atzetik datozen emakumeentzat erreferentea izatea?

Norbaitek izan behar zuen lehenengoa, eta niri tokatu zait. Mundu honetan sartu nintzenean, iruditzen zitzaidan bakarretakoa nintzela, baina gero konturatu nintzen gure etxean gertatzen zen bezala, emakumeek beti lan egin dutela txakolindegian: aita mahastian inausketak egiten ari zen bitartean , ama aritzen zen bere atzean landareak lotzen; aita txakolina saltzen ari zenean, ama fakturak egiten egoten zen. Ama beti egon da, baina ikusten ez den lana egin du, eta ohartu ginen hori txakolindegi guztietan gertatu dela, ez gure etxean bakarrik. Beraz, jatorri izeneko ordezkarien artean emakume bakarra nintzen arren, atzean emakume pila bat zeuden lanean. Gaur egun, emakumeok aurrera urratsa egin dugu eta jatorri izeneko lehen lerroan jarri gara.

Mahasti Krosa izango duzue igandean. Gogotsu al zaudete hitzordurako?

Bai, aste honetan lasterketako prestaketa lanetan buru-belarri ibili gara. Upategiak 25 urte bete zituenean egin genuen lehen aldiz Mahasti Krosa; urteurrenaren harira, zer hobe mahastietatik barrena korrika saioa egiteko aukera ematea baino! Ordutik urtero antolatu dugu, eta jarraitzeko asmoa dugu.

Ez dira upategi bateko mahastietan barrena jokatzen diren lasterketa asko egingo inguruotan, ezta?

Nik ez ditut ezagutzen; uste dut Errioxan badagoela bakarren bat, baina ez nago seguru.

Mahasti Krosa zuen produktua eta izaera ezagutarazteko beste modu bat al da?

Lehen aldiz Mahasti Krosa antolatu genuenean kirola eta gastronomia uztartu nahi genituen, eta lasterketaren ondoren bertaratzen direnek izaten dute aukera kalitatezko produktuak dastatzeko. Txakolina eta pintxoa euro baten truke eskaintzen ditugu, eta irabazitakoa Zarauzko Caritasera bideratzen dugu. Beraz, igandean herritarrak gonbidatuta daude Mahasti Krosaz gozatzera. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide