23. Korrika

Korrikara gauez batu behar dutenei txaleko islatzailea edo argiren bat eramateko eskatu die AEK-k

Iraia Oteiza 2024ko mar. 18a, 10:50

Gauez argiztapen neurriak hartzea beharrezkotzat jo dute Korrikaren antolatzaileek, istripurik izan ez dadin.

Gauez Korrikara batzen diren herritarrei arduraz jokatzeko eta segurtasun neurriak hartzeko eskatu die AEK-k. Euskararen aldeko lasterketan ilunpetan aterako direla kontuan izanda, txaleko islatzailea jazteko edo, behintzat, argiren bat eramateko gomendioa luzatu die elkarteak.

Atzo, igandea, hiru pertsona zauritu ziren Mendigorrian (Nafarroa), Korrikaren furgonetak harrapatuta. Horrenbestez, Korrikaren antolatzaileek furgonetatik gertu zuhurtziaz jokatzeko eskatu die parte-hartzaileei, are gehiago, gauez aterako badira.

Asteazken goizaldean sartuko da Korrika eskualdera, Oriotik barna. Gauerdia baino minutu batzuk lehenago hartuko dute lekukoa oriotarrek usurbildarren eskutik, eta jarraian eskualdean barna egingo du: Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatuko ditu, hurrenkera horretan. Goizeko 05:30 aldera igaroko da Azkoititik. Ondorioz, ilunpetan igaroko da Korrika eskualdetik, eta argiztapen neurriak hartzea beharrezkotzat jo dute antolatzaileek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide