Zaintzaren inguruko bi jardunaldi antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE). Ekainaren 18an eta 19an egingo dira Zarautzen, Oteitza Lizeo Politeknikoan, eta izen ematea zabaldu dute jada.
Antolatzaileek azaldu dutenez, jardunaldi hauen helburua izango da zaintza sektorea profesionalizatzea eta sektorean kalitatezko enplegua sustatzea. Hala, ekainean, zaintza sektorean lan egiten duten edo egin nahi duten zaintzaileei eta dependentzia egoeran dauden pertsonen sendikoei zuzendutako sentsibilizazio jardunaldiei helduko zaie.
Ekainaren 18ko jardunaldia zaintza sektorean lan egiten duten edo egin nahi duten herritarrei zuzenduta egongo da; 19koa, aldiz, dependentzia egoeran dauden pertsonen familiei zuzenduriko jardunaldia izango da. Biak ere 16:00etatik 18:30era bitartean emango dira, eta Eneritz Acedo gizarte langileak zuzenduko ditu.
Interesdunek aurrez izena eman beharko dute UKUEren 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta, lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikoko helbidera idatzita edo aurrez aurre, udal elkarteko egoitza nagusian, astelehenetik ostiralera bitartean, 8:00etatik 14:00etara. Jardunaldiak doan dira.