Pasa den asteburuan jokatu zituzten Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak eta etzi, igandean, Euskadiko traineru txapelketaren txanda izango da. Donostiak hartuko du traineru lehia goizeko 11:00etatik aurrera. Beteranoen, emakume seniorren eta gizon seniorren estropadak izango dira biharkoan.
Eskualdeko bost ontzi arituko dira banderaren bila Donostiako uretan. Zumaiak bi ontzi uretaratuko ditu, emakume seniorretan eta beteranoetan bana. Gipuzkoako txapelketan maila handia erakutsi zuen Getariako Esperantza –bigarren izan zen Hondarribia irabazlearen atzetik– ere lehiakideen artean izango da, gizon seniorren kategorian. Oriok ere bi ontzi eramango ditu txapelketara: emakume seniorretan eta beteranoetan, Badok 13 trainerua.
Beteranoen traineruekin hasiko da txapelketa, goizeko 11:00etan. 2.778 metro egingo dituzte arraunlari hauek, bi luze eta ziaboga batekin. Distantzia berea eta luze eta ziaboga kopuru bera egingo dute emakumeek. Hauen estropadak 12:00etan hasiko dira, behin beteranoen lana amaitzean. Bukatzeko, 13:00etan gizon seniorren txanda izango da: lau luze egingo dituzte, hiru ziabogarekin, eta bete beharrek distantzia 5.556 metro izango da.
Bihar, Lekeition
Lekeition jokatu dira traineru estropadak larunbat goizean. 10:30ean hasita, gizonen XLV. ikurrina eta emakumeen XIII. ikurrina jokatuko dira.
Emakumeen estropadek emango diote hasiera gaurko jarduerari. Lehenbizi erlojupeko estropada jokatuko dute –Zarautzek hartuko du parte bertan–, eta ondoren lineako. Zumaia izango da azken honetan, eta Hondarribia, Hibaika eta Kaiku izango ditu aurkari.
Ondoren, gizonen txanda izango da. Erlojuaren aurkako estropada izango da lehenbizi –Orio B-ren parte hartzearekin–, eta lineako bi txanda ondoren. Lehenan izango da Zumaiako Telmo Deun San Pedro, Santurtzi eta Arkoterekin lehian; ondoren, eguneko bosgarren txanda jokatuko da eta Oriok, Hondarribiak, Isuntzak eta Kaikuk hartuko dute parte.